Kurtzekua arean geldi dagoen eraikinaren derrigorrezko salmentarako bigarren lizitazioa abiatu du udalak

2019/07/01
Card image cap
Hasierako lizitazio prezioa ia 400.000 eurotan merkatuta, 1.183.419 eurotan finkatu da gutxieneko salneurri berria

  Otsailean onartu zuen udalak Kurtzekua areako 8.2 partzela, bukatu gabeko eraikina eta orubea, derrigorrezko salmenta egoeran aldarrikatu eta hartarako lizitazio prozesua abian jartzea. Lehen deialdian ez zen eskaintzarik jaso eta bigarren lizitazioari hasiera ematea erabaki zen, ekainaren 6ko Osoko Bilkuran. Halakoetan ohi denez, gutxieneko salneurria errebisatu da eta lizitazio prezio berria, BEZa barne delarik, 1.183.419 euro da, lehenengo lizitazio prezioarekiko kasik 400.000 euro gutxiago. 

  Kurtzekua areako 8.2 partzelan 12 etxebizitza, garajeak eta lokalak eraikitzeko baimena eman zion udalak Promociones Kurtzekua elkarteari, 2010eko uztailean. Lanak, 6 hilabeteko epean hasi behar ziren eta gehienez, 18 hilabete igaro aurretik amaitu. Baina eraikina eskeletoan dago egun, eta urteak daramatza horrela. Udalak derrigorrezko salmenta egoeran deklaratu zuen eta lizitazio prozesua martxan jarri du, eraikuntza enpresaren batek erosi eta lana burutu dezan. Udalak bitartekari lana egiten du salmentan, lizitazioa bideratzen du eta orubea saltzetik jasotzen duen dirua orube-jabeei emango die. Eta amaitu gabe dagoen eraikina bukatzea lortuko du.

  Ostiralean argitaratu zen derrigorrezko salmentaren bigarren lizitazio iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Oharrean, geldi dagoen eraikinaren eta orubearen gutxieneko salneurria zehazten da, eta lana burutzeko epea ere bai, 1.380 egun.
Kontratua adjudikatzeko irizpideak bi arlo horien bueltan finkatu dira, hau da, eskaintza ekonomikoa eta lanen egikaritze epea. Proposamen ekonomikoak % 40ko pisua izango du puntuazio orokorrean eta egikaritze epeak berriz, % 60koa.
Interesa duten enpresek, abuztuaren 7ra arteko epea izango dute beren eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!