"Kursaal eskura" ekimenarekin bat egin du Udalak

2016/05/04
Kursaaleko ekitaldietara joan-etorria egiteko autobusak antolatuko dira Oñatitik, urtean birritan

  Kursaal eskura ekimenari dagokion lehen eskaintza, hile honen akaberan gauzatuko da. Maiatzaren 31an Touluseko Orquesta Nacional del Capitolio eta Donostiako orfeoiak Berliozen Requiema eskainiko dute. Kontzertu horretara joan-etorria egiteko Oñatitik, postetxe aurrealdetik, autobusa izango da.

  Interesa duten zaletuek, sarrera, Kursaal elkarguneko web atariaren bidez erosi beharko dute eta ondoren, autobuserako tokia hartzeko, kultur etxera zuzendu beharko dute. Telefonoz, 943.780353 zenbakira deituta edo mezua, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera bidaliz. Autobusa, ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenago abiatuko da Oñatitik, kasu honetan, 18.30tan.

  Baina Kursaal eskura ekimena bereziki esanguratsua da 30 urtez azpikoentzat, hauek, ikuskizunerako sarrera      3 €tan eskuratu ahal izango baitute. Ordu Gaztea deitu duten modalitatean, sarrera nahiz autobus tokiaren erreserba kultur etxean egin beharko dute. Eta ekitaldiaren egunean, Kursaaleko leihatilatik pasata, adina egiaztatzeko dokumentu ofiziala aurkeztu eta sarrera ordainduta, eskuratuko dute.

  Maiatzaren 31an izango den ikuskizunerako autobus plazaren erreserba egin nahi duenak nahiz Ordu Gaztea modalitatearen bidez sarrera eta autobus tokia hartzeko, azken eguna maiatzaren 26a izango da.

  Kursaal eskura ekimenera atxikita, Kursaaleko ikuskizunetara joateko Oñatitik autobus zerbitzu berezia, urtean bitan izango da. Lehena, orain maiatzean esan bezala, bigarrena zehaztutakoan jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia