Kultura udal departamentuaren 2020ko dirulaguntzak likidatzeko erabakia hartu da

2021/01/13
Ia 25.000 euro bideratuko dira bigarren zatiaren ordainketara

  2020a amaitu aurretik, urteko azken Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Kultura departamentuak eman ohi dituen bi dirulaguntza lerroen likidazioa egitea. Hala, udazkenean onartu ziren dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari argi berdea eman zaio, azaroaren 30a bitartean aurkeztutako memoriak aztertu ondoren.

  Kultur talde eta elkarteen urteko programetarako dirulaguntzen atalean, 15 eskaera onartu ziren. Atal honetan partidarik handienak Ganbara Txikik, Oñatiko Ganbara Abesbatzak eta Oñatzek dituzte. Hots abesbatzak, Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Oñati Abesbatzak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, laburmetraien rallyko antolatzaileek, Olaitturri kultur taldeak, Irazan antzerki guneak, Algaraz Ikuskizun elkarteak, Gure Bazterrak kultur elkarteak eta Zinzelkatzaileen elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa jaso zuten. Onartutako dirulaguntzaren % 60a udazkanean ordaindu zitzaien. Gerora ordea, hiru taldek aurreikusitako programa ezin gauzatu izana azaldu diote Kultura depatamentuari eta ondorioz, jaso zuten dirua itzuli beharko dute. Olaitturri kultur elkartea, Oñatiko laburmetraien rallya eta Irazan antzerki gunea dira dirulaguntza itzuli beharko dutenak. Gainontzeko 12 talde eta elkarteen artean 19.500 euro banatuko dira, agindutako dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketa kontzeptuan.

  Kultura departamentuak urteko programak gauzatzeko ez ezik, sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Hartarako egin zen deialdira, eta epe barruan, aurkeztu ziren 8 egitasmo diruz laguntzea erabaki zen, guztira, 12.800 euro banatuz. Olaitturri Kultur elkartea, Artixa kultur elkartea, Ane Leturia del Frade,  Ekhi Galdos, Xabier Yaniz eta Iñigo Palaciosen sorkuntza lan ezberdinak  diruz lagunduko ditu udalak.  Kasu honetan ere, onartutako diru laguntza likidatzeko % 40a ordainduko da orain, hau da, 5.120 euro guztira.

Iturria: Oñati Irratia

Oñatz, Kultura departamentuaren dirulaguntza jaso duenetako bat (Arg: Goiena)