Kultura departamentuak ia 77.000 euro banatuko ditu herriko taldeen urteko programa eta sorkuntza lanak gauzatzeko

2020/10/09
23 talde eta proiektuk jasoko dute udalaren dirulaguntza

  Bi laguntza lerro ditu udaleko kultura departamentuak, urteko programazioa aurrera eramateko, batetik, eta sormen lanerako dirulaguntzak, bestetik.

  Lehen laguntza lerroa da diruz handiena eta 15 talde edo elkarteren urteko programak babestuko dira aurten. Atal honetan partidarik handienak Ganbara Txikik, Oñatiko Ganbara Abesbatzak eta Oñatzek jasoko dituzte. Hots abesbatzak, Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Oñati Abesbatzak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, laburmetraien rallyko antolatzaileek, Olaitturri kultur taldeak, Irazan antzerki guneak, Algaraz Ikuskizun elkarteak, Gure Bazterrak kultur elkarteak eta Zinzelkatzaileen elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa jasoko dute. Informa-tu Osasunaren sustapen elkartearen dirulaguntza eskaera ordea baztertu egin da, aurkeztutako proiektua kultur arloko laguntza hauen helburuekin bat ez datorrela argudiatuta.

  Onartu diren 15 egitasmoetara 63.723 euro bideratuko ditu aurten Udalak. Orain % 60a ordainduko da eta gainontzekoa, azaroaren 30a bitartean entregatu beharko duten memorian zurituko gastuen arabera, urte amaiera baino lehen.

  Kultura departamentuak urteko programak gauzatzeko ez ezik, sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Bi deialdiak batera argitaratu ziren eta sormen lanetarako dirulaguntzak nola banatu ere, erabaki berri da. 8 eskaera jaso eta onartu dira, guztira, 12.800 euro banatuz.

  Olaitturri Kultur elkartearen 1562 Lope Agirreren estatua proiektua, Artixa kultur elkartearen Oñatiko emakumeak argitalpena, Ane Leturia del Fraderen Oñatiko emakumeak gerra zibila eta diktadurapean bizipenak jasotzen egitasmoa, Ekhi Galdosen disko grabaketa eta Xabier Yaniz eta Iñigo Palaciosen disko eta bideoklip grabazioak diruz lagunduko ditu Udalak.  Kasu honetan ere, onartutako diru laguntzaren % 60a orain ordainduko da eta gainontzekoa, egindako gastua zuritzen denean.

Iturria: Oñati Irratia

"Mila modu" musika proiektuak udalaren dirulaguntza jasoko du