Kultura departamentuak 56.000 euro pasa banatuko ditu herriko taldeen urteko programa eta proiektuak gauzatzeko

2018/05/11
14 talde eta elkartek jasoko dute udalaren diru laguntza

  Urteko programazioa aurrera eramateko diru laguntzen lerro honetan partidarik handienak Ganbara Txikik, Oñatzek eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak jasoko dituzte. Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Oñati Abesbatzak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, laburmetraien rallyko antolatzaileek, Olaitturri kultur taldeak, Irazan antzerki guneak, Artixa taldeak eta Zinzelkatzaileen elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa jasoko dute.

  Aurkeztutako egitasmoaren araberako diru laguntzak onartu berri ditu udal gobernu taldeak eta aipatu 14 elkarte eta kolektiboen artean 56.000 euro pasa banatuko dira aurten. Onartutako laguntzaren % 60a orain ordainduko da eta gainontzekoa, azaroaren 30a bitartean entregatu beharko duten memorian zurituko gastuen arabera, urte amaiera baino lehen.

  Kultura departamentuak urteko programak gauzatzeko ez ezik, sormen lanetarako diru laguntzak ere eman ohi ditu. Bi deialdiak batera argitaratu ziren eta sormen lanetarako diru laguntzak nola banatu ere, pasa den asteko Tokiko Gobernu batzarrean onartu zen. 7 eskaera jaso ziren eta zazpiak diruz laguntzea erabaki da, guztira, 8500 euro banatuz. 

  Donosti Ereski kultur elkarteak, Lenao taldeak eta Arantzazu Saiz Markuletak disko bana grabatzeko udalaren laguntza jasoko dute. Iñigo Biain Berraondok eta Aritxa elkarteak liburu bana argitaratuko dute, Anjel Lera Colinok laburmetraia grabatuko du eta Olaitturri taldeak antzerki lan berria muntatuko du. Hauek ere, udalaren diru babesa jasoko dute sormen lan horiek gauzatzeko. Kasu honetan ere, onartutako diru laguntzaren % 60a orain ordainduko da eta gainontzekoa, egindako gastua zuritzen denean.

Iturria: Oñati Irratia

Oñatz, kultura departamentuaren diru laguntza jasoko duten taldeetako bat