Korrika herri batzordea eratzeko batzarra antolatu da urtarrilaren 16rako

2019/01/08
Card image cap
Apirilaren 4tik 14ra Euskal Herria zeharkatuko duen Korrika Oñatitik noiz pasako den bihar jakinaraziko da

  Garestik abiatuko da Korrika 21a eta Gasteizen amaituko da. Bitartean, Euskal Herriko herri eta hiri ugari zeharkatuko ditu eta Oñatitik ere pasako da. Baina 21. KORRIKAren ibilbidea,herriz-herriko informazioa, behin-betiko ordutegiak eta abar, bihar jakinaraziko ditu antolakuntzak. Eta informazio hori datorren asteazkenerako antolatu den bileran emango zaie Korrikako bilerara hurbiltzen diren guztiei. Izan ere, herri batzordea eratzeko deialdia zehaztu baita: urtarrilaren 16an izango da, 18:00tan, Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan.

  Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak eta anitzak direla azpimarratu nahi dute eskualdeko koordinatzaileek. Eta horien berri izan, eta hala nahi bada parte hartzeko, datorren astean egingo den lehen batzarrera joateko gonbidapena zabaldu dute. Korrika 21aren nondik norakoak azalduko dira eta Oñati girotzeko proposamenak jaso nahi dira. Egun denboraz urri gabiltzala jakitun, bilerara joatea eskatzen da, beste konpromisorik gabe. Bertan entzundakoaren arabera bakoitzak erabakiko du zein ekarpen edo konpromiso maila hartu dezaken, edo hartarako aukera, edo gogorik, ez duen. Ideia eta proposamen guztiak ongietorriak izango direla adierazi dute bileraren antolatzaileek.

  Korrikak euskara zabaltzea du helburu eta horretan diharduen AEK elkartearen finantzaziorako iturri garrantzitsuenetakoa da bi urtean behin egin ohi den euskararen aldeko lasterketa berezi hau. Aurtengoa 21.a izango da eta apirilaren 4an Garesen abiatuko den lekukoa eskuz esku joango da, 14an Gasteiza iritsi arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!