Korpus jaiak bertan behera utzi dira

2020/04/28
Card image cap
Korpus egunaren inguruan biltzen den jendetzaren segurtasuna bermatu ezinak bultzatu du antolakuntza aurtengo ospakizuna bertan behera uztera

  Korpus egunaren antolakuntzan parte hartzen duten eragile ezberdinek bilera egin zuten atzo eta Oñatin hain esanguratsua den ospakizuna bertan behera uztea erabaki zuten. Aurten ez da Korpus eguna ospatuko, ez behintzat kalean, eta ezta beste data batean ere, Korpusak egun jakina baitu egutegian eta atzeratzeak ez lukeelako zentzurik, antolatzaileen esanetan. Erabakia atzo hartu zen baina gaur eguerdian jakinarazi da.

  Oñatiko Udala, Mikel Goiaingeruaren Parrokia, Sakramentu Santuaren Anaidia eta Oñatz Dantza taldeko ordezkariak bildu ziren gaia eztabaidatzera. Covid 19ak eraginda konfinamenduan jarraitzen dugu oraindik. Egoera malgutzeko neurriak poliki eta tentuz hartzen ari dira eta jakinekoa da, normaltasunerako itzulerak luze joko duela. Luzeegi, ekainaren 14an Korpus egunean ohikoak diren ospakizuna egin ahal izateko. Jendetza biltzen da bai elizkizunean baita ondorengo prozesiño eta ekintzetan eta ezinezkoa ikusten da une berezi honek eskatzen dituen gutxieneko segurtasun neurriak betetzea. Hori horrela, eta Korpus egunak bere data konkretua duela kontuan hartuta, 2020ko Korpus eguneko ospakizunak bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, esan bezala.

  Oñatiko Korpus egunaren ospakizuna aspaldikoa da. Dokumentuen arabera XVI. mendetik gaurdaino espatzen den jaia da. Osagai asko biltzen dituen jaia, bai erlijio, kultura nahiz folklore aldetik esangura eta garrantzia berezia baitu herritar gehienontzat. Gaur baino lehen, eguraldiak, gerrek eta egoera berezi batzuek Korpus eguna beste era batera ospatzea eragin badute ere, ez da guztiz bertan behera utzi izanaren urterik ezagutzen. Baina 2020an hala izango da, ez da Korpus egunik ospatuko Oñatin.

  Datorren urtean elkarrekin ospatzeko esperantzaz, elkartasuna eta osasuna herritar guztioi opatuz amaitzen da antolatzaileek zabaldu duten prentsa oharra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!