Oñatiko udala

Korpus eta San Migeletan barrakak jartzeko deialdi publikoa egin da aurten ere

2019/04/10
Card image cap
Oñatira etortzeko interesa duten barraka jabeek eskaera apirilaren 23tik maiatzaren 3ra egin beharko dute

  Urteetan AFADE ferialarien elkartearekin edo  ferialariekin zuzenean harremanetan jarrita lotu izan da herriko jai nagusietan etorriko ziren barrakak. Azken urteetan ordea, lizitazio publiko bidez egiten da esleipena. Hartarako iragarkia apirilaren 5ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean baina eskaerak Aste Santu ostean egin behar direla jakinaraziz, apirilaren 23tik maiatzaren 3ra bitartean.

  Korpus jaietan barrakak ekainaren 20tik 24ra izango dira plaza ondoko jolas-gunean, eta San Migel eta Errosarixotan berriz, irailaren 19tik urriaren 9ra. 2016an zehaztu ziren baldintzak jarraituko dira aurten ere. Garaiaren arabera eta ekarriko den atrakzioak edo kasetak okupatuko duen lur sailaren arabera, ordaindu beharreko prezioak zerrendatu dira lizitazio baldintzetan. San Migeletako prezioak garestiagoak dira, barrakak egun gehiagoz egongo direlako herrian. Baina ferialariek zehaztu diren lizitazio prezioen pareko edo gaineko eskaintzak egin beharko dituzte, jakinik, proposamen ekonomikoak edo jarriko den atrakzioaren ezaugarrien araberako puntuazioaren bikoitza jasoko duela antzinatasunak. Horrela, azken urteotan Oñatira etorri diren ferialarien fideltasuna saritu nahi du udalak. Fideltasuna eta erakutsi duten portaera zuzena.

  Korpus eta San Migeletan barrakak jartzeko deialdi publikoari dagozkion baldintzetan bestalde, txartelaren gehienezko prezioa eta bidaia bakoitzaren gutxienezko iraupena ere zehazten da. Azken urteetan bezala, bidaia txartelaren prezioa 1,80 € izango da eta 6 bidaietako prezioa gehienez, 10 € eta bidaien iraupena, gutxienez, 2 minutukoa izan beharko da.

  Lurzoru publikoak okupatzeko lizitazioan parte hartzeko 210 €ko behin behineko fidantza ordaindu beharko dute ferialariek, esleipena egin bitartean eskaintza mantenduko dutenaren berme gisa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!