Korpus eta San Migeletan barrakak jartzeko deialdi publikoa egin da aurten ere

2018/04/11
Oñatira etortzeko interesa duten barraka jabeek eskaera apirilaren 18ra arte egin beharko dute

  Urteetan AFADE ferialarien elkartearekin edo  ferialariekin zuzenean harremanetan jarrita lotu izan da herriko jai nagusietan etorriko ziren barrakak. Azken urteetan ordea, lizitazio publiko bidez egiten da esleipena. Hartarako iragarkia martxoaren 14an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean baina eskaerak orain egin behar direla jakinaraziz, hau da, apirilaren 11tik 18ra bitartean.

  Korpus jaietan barrakak maiatzaren 15etik ekainaren 3ra izango dira plaza ondoko jolasgunean, eta San Migel eta Errosarixotan berriz, irailaren 21etik urriaren 8ra. 2016an zehaztu ziren baldintzak jarraituko dira aurten ere. Garaiaren arabera eta ekarriko den atrakzioak edo kasetak okupatuko duen  lur sailaren arabera, ordaindu beharreko prezioak zerrendatu dira lizitazio baldintzetan. San Migeletako prezioak garestiagoak dira, barrakak egun gehiagoz egongo direlako herrian. Baina ferialariek zehaztu diren lizitazio prezioen pareko edo gaineko eskaintzak egin beharko dituzte, jakinik hori bai, proposamen ekonomikoak edo jarriko den atrakzioaren ezaugarrien araberako puntuazioaren bikoitza jasoko duela antzinatasunak. Horrela, azken urteotan Oñatira etorri diren ferialarien fideltasuna saritu nahi du udalak. Fideltasuna eta erakutsi duten portaera zuzena.

  Korpus eta San Migeletan barrakak jartzeko deialdi publikoari dagozkion baldintzetan bestalde, txartelaren gehienezko prezioa eta bidaia bakoitzaren gutxienezko iraupena ere zehazten da. Azken urteetan bezala, bidaia txartelaren prezioa euro eta 80 xentimo izango da eta 6 bidaietako prezioa gehienez, 10 euro eta bidaien iraupena, gutxienez, 2 minutukoa izan beharko da. Lurzoru publikoak okupatzeko lizitazioan parte hartzeko behin behineko fidantza ordaindu beharko dute ferialariek, esleipena egin bitartean eskaintza mantenduko dutenaren berme gisa. 

Iturria: Oñati Irratia