Korpus eguneko meza nagusirako txartelak bihar hasiko dira banatzen Txokolateixan

2020/06/08
400 txartel jarriko dira eskuragarri eta pertsonako bi banatuko dira, gehienera

  Domekan 12:00tan hasiko da Korpus eguneko meza Parrokian. Berezia izango da, santu irudirik gabe eta San Migel eta apostolurik gabe ospatuko delako, ez baita ondoren prozesiñorik egingo. Baina Apostoladuaren kofradiako kideak beraien kapekin joango dira, Oñatzeko dantzariek ere parte hartuko dute eta koruak kantatuko du, domekero bezala. Eta berezia izango da baita ere, lekua mugatu egin behar izan delako, segurtasun distantzia gorde ahal izateko.

  Parrokiako aforoa kontrolatzeko 400 lagunentzako txartelak prestatu dira eta bihartik aurrera eskuragarri jarriko dira Txokolateixan. Bihar 10:00tan hasiko dira Korpus elizkizunerako txartelak banatzen. Gehienera bi txartel eskuratu ahal izango dira pertsonako.

  Elizara sartzerik ez dutenentzat, edo etxetik ikustea nahiago dutenentzat, Korpus eguneko elizkizuna Goiena telebistak zuzenean emango du. Hala adostu zuten Parrokiako kontseiluarekin. Beraz, domekan, 12:00tan, meza izango da Goiena telebistan.

  Meza ostean berriz, 13:00tan hasita, Oñatiko musika bandak eta udal txistulari taldeak kontzertua eskainiko dute Lazarraga jauregiko lorategian. Horretarako txartelak ere eskuragarri daude Txokolateixan eta www.oñati.eus web atarian.

Iturria: Oñati Irratia