Kontratazioetan euskarazko irizpideak jartzeagatik Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa jaso dute Aldundiak eta udalek.

2013/11/07
Card image cap
Oñatin ere, pasa den astera arte indarrean egon da hizkuntza irizpide horiek zehazten zituen ordenantza.

  Pasa den osteguneko Osoko bilkuran dena den, Diputazioaren gomendioa jarraituz aipatu ordenantza bertan behera uztea erabaki zuen udalbatzak aho batez. Aurrerantzean, kontratuetan hizkuntza baldintzak txertatzeko kontratazio bakoitzeko alkate instrukzioen bidea erabiltzea ere erabaki zen.

  Kontratazio publikoetan hizkuntza baldintzak txertatzeko ekimena, Gipuzkoako hainbat udal eta foru aldundiaren elkarlanetik sortu zen. Baina Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Carlos Urkijok, 10 udal salatu eta auzi bidean jarri zituen. Gipuzkoako Batzar Nagusiek babesa agertu diete kontratazio publikoetan euskarazko irizpideak jarri dituzten erakundeei, tartean Oñatiko udalari ere eta bereziki Espainiako Gobernuaren ordezkariak auzibidean jarri dituen hamarrei, hau da, Getaria, Albiztur, Azkoitia, Errezil, Zarautz, Elgoibar, Zestoa, Zumaia, Anoeta eta Lezoko udalei. Guztiei elkartasuna azaldu ez ezik, Carlos Urkijori, salaketak erretiratu ditzala eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

  Oñatiko udalaren aurka ez da halako salaketarik jarri, baina gaiak hartu zezakeen bidea aurre ikusiz, ordenantza bertan behera uztea erabaki zen azken Osoko Bilkuran, Diputazioak emandako gomendioa jarraituz.
Udalbatzak aho batez hartutako erabakia izan zen.

  Horrek ez du esanahi ordea, Oñatin, aurrerantzean ez direla kontratuetan hizkuntza baldintzak betetzea eskatuko. Gaia bideratzeko eta martxan jartzen den kontratazio bakoitzeko alkate instrukzio bat egitea ere onartu baitzen urriko Osoko Bilkuran. Instrukzio horrek orain arte erabilitako eduki berbera izango luke eta instrukzioa ez betetzeak disziplinazko ardurak eragingo lituzke baina ordenantza orokor bat izan ordez, kontratazio bakoitzeko alkate instrukzio bat egin beharko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!