Kontratazio Mahaiak proposamena egitea besterik ez da falta Gaztelekuko hainbat zerbitzuren esleipen prozesua osatzeko.

2015/01/13
Okerrik ezean, Debako “Zehar” enpresari adjudikatuko zaio.

  Gaur eguerdian, lehian aritu diren bi enpresen proposamen ekonomikoak ireki eta baloratu dira.

  Eskaintza ekonomiko merkeena eginda, zerbitzuaren memoria txostenean aurretik jada puntuaziorik altuena zuen enpresak jaso du puntu gehien berriro. Guztira, 64,32 puntu eskuratuz, bigarren enpresak pilatu dituen 45,9 punturen aldean.

  Bi enpresa dira, esan bezala, Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko prozesura aurkeztu direnak: Oñaise oñatiarra eta Zehar debatarra.

  Enpresek osatutako zerbitzuaren memoria txostena orain hilabete baloratu zen. Proiektuaren oinarritze teorikoak eta helburuak, lan metodologia, udalerriaren errealitatera egokitzeko proposamena, kalitatea eta beste hobekuntza batzuk baloratu eta puntuatu ziren. Zehar enpresak, 63 puntu lortu zituen, Oñaisek berriz, 45,9.

  Egurdian ireki den proposamen ekonomikoaren balorazioak beste puntu bat eta 32 ehuneneko eman dizkio Debako enpresari lehendik zituen ia 17 puntuko aldea handituz.

  Udalak, Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko esleipena lehenbailehen egin nahi du, une honetan lan horretan diharduten enpresekin dituen kontratuak luzatu baitira.

  Horretxegatik, eskaintzak egiteko epea, 15 egunera mugatu zen eta epai mahaia berehalakoan hasi zen dokumentazioa ikusten. Gaur eskaintza ekonomikoak ezagututa ere segituan baloratu dira eta emaitzak, udaleko iragarki taulan eta web orrian ikusgai jarri dira.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Gaztelekua (googlemaps)