Kontratazio mahaiak bertan behera utzi du Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko prozesua.

2014/03/07
Baldintza plego teknikoan aldaketa batzuk eginda deialdi berria kaleratuko da.

  Bi izan ziren Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko prozesura aurkeztu zirenak, Oinatur eta Tantai eta Nerea Tauschkek osatuko luketen enpresa elkartea. Kontratazio mahaiak informazio osagarria eskatu zien. Lehenak ez zuen aurkeztu eta bigarrenak presentatutakoa ere ez zen nahikoa argigarria gertatu. Hala, pasa den ostiralean bildu zen kontratazio mahaiak lizitazioa bertan behera uztea erabaki zuen bi enpresek ez baitzuten behar bezala egiaztatu eskatutako gaitasuna.

  Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziako administrazio kontseiluak, epai mahaiaren proposamena bere eginez, prozesua bertan behera geratu dela jakinarazi du udaleko web orrian argitaratu duen oharraren bitartez.

  Orain, deialdi berri bat egin beharko da. Aurrez, dena den, baldintza plego teknikoa aldatu egingo da. Zer nolako aldaketak egingo diren guztiz zehaztu gabe, zenbait puntu egokitu beharko direla adierazi digu Iosu Lizarraldek, Garapen eta turismo ajentziako administrazio kontseiluko presidenteak. Moldaketa horiek eginda, Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketarako kontratazio deialdi berria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta prozesua, bigarren aldiz martxan jarriko da.

  Bitartean, otsailean zehar itxita egon den Arrikrutzko koba berriro irekiko da bihar.

  Garapen eta Turismo Ajentziak aurrez bertan zerbitzua ematen zuen Tantai enpresarekin kontratu puntuala egin du maiatzeko zubia pasa bitartean Arrikrutzko koba zabalik eta ohiko bisitaldi eskaintzarekin mantendu dezaten. Kontu egin behar da hasiera batetan koba urtarrila eta otsailean ixtea aurre ikusten zela baina urtarrilerako jada hainbat bisita hitzartuta zeudenez, astean zeharreko eskaera egina zuten ikastetxeei zerbitzua eskaini zitzaiela eta asteburutan ere Arrikrutzko koba zabalik mantendu zela. Otsailean ez, koba itxita egon da baina bihartik aurrera, esan bezala, berriro irekiko da. Gaurdanik jada erreserbak egiteko telefonoa aktibatuta dago. Ohiko zenbakia da: 943 08 20 00.

  Gogoratu domekan Koben V. Eguna ospatuko dela, besteak beste Arrikrutzen eta sarrerak erdi prezioan eskuratu ahal izango direla.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala