Klima krisiari aurre egiteko laborategia jarriko da martxan Debagoienean

2019/07/15
Elkarlanean aritzeko Climate-KIC erakundeak Europan aukeratu dituen 9 guneetako bat da eskualdea

  Debagoieneko Berrikuntza Plataforma deritzona urtarrilean sortu zen gizartean puri- purian dauden hainbat erronkei erantzun ahal izateko; garapen iraunkorra, trantsizio justua, ekonomia zirkularra, etorkizuneko lana, aukera berdintasuna edota inklusio erreala dira gizarteak dituen erronketako batzuk. Horiei modu bateratu eta partekatuan aurre egin ahal izateko batu dira Debagoienako erakunde publiko, enpresa pribatu, kooperatiba, unibertsitatea eta bestelako eragileak.

  Krisi klimatikoari eta trantsizio justuari lotutako erantzunak kudeatzeko Europako Climate-KIC erakundearen babesa izango du Debagoieneko Berrikuntza Plataformak. Europan, guztira, bederatzi gune aukeratu ditu Climate-KIC erakundeak laborategi gisa jardun dezaten eta horietako bat Debagoiena izateak, berrikuntzan eta garapen komunitarioaren alorrean, puntan dagoen eskualdea dela adierazten du.

  Hain zuzen ere, trantsizio justuaren bidean Debagoienak erantzun beharko dituen erronkak identifikatzen eta horiei erantzuteko jarraitu beharreko ereduaren oinarriak zehazten jardun dute egunotan eskualdeko eta nazioarteko 20 erakundek baino gehiagok Garaia Berrikuntza Gunean egindako jardunaldietan, tartean Oñatiko udaleko ordezkariak.
Arrasaten bildutakoek erronkei erantzunak emateko diseinatu beharreko prozesuaren hasiera irudikatu dute. Prozesuak jarraipena izango du datozen hilabete eta urteetan, eredu ireki eta kolaboratiboan garatuz. 

  Ekimen berritzaile honetan gizartearen kezka, iritzi eta beharrak entzuteak berebiziko pisua hartuko du. Ezinbestekotzat jotzen baita, jendeak benetan bere beharrak entzun direla sentitu eta helburuak modu partekatuan definitzea. Hala, Debagoieneko Berrikuntza Plataformak urtarrilean bertan hasi zuen gizartea entzuteko prozesua eta lehen ondorioak atera ditu  dagoeneko. Baina bidea luzea izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!