Kiroldegiko mantenu teknikari plaza beteko du udalak

2019/06/17
Card image cap
Iragarkia BOEn argitaratu da gaur eta izena emateko epea bihar irekiko da, uztailaren 8ra arte

  Lehiaketa-oposizio sistema irekiz beteko du udalak kiroldegiko mantenu teknikari plaza. Langile berriak laboral izaera izango du eta etorkizuneko balizko beharrak betetzeko lan poltsa ere eratuko da, bide batez.

  Kiroldegiko mantenu teknikari lanpostura aurkezteko I Lanbide Heziketa titulua behar da honako lanbide arloetan: elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, eraikuntza eta obra zibila, fabrikazio mekanikoa edota instalatze eta mantentze lanak. B gidabaimena eta euskarari dagokionean, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere eskatzen da.

  Kiroldegiko instalazioen egoeraz arduratu eta mantentze lan orokorrak egitea izango da langilearen ardura nagusia. Hala, elektrizitatea, eraginkortasun energetikoa, ura eta fluidoen instalazioa, igeltserotza, zurgintza, pintura eta orokorrean, mantenimendu lanak egin beharko ditu.

  Hautagaiek lau azterketa gainditu beharko dituzte: funtzio publikoari buruzko eta egin beharreko mantentze lanei buruzko bi azterketa teoriko, azterketa praktikoa eta euskarazkoa, eskatutako maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek. Merituen atalean berriz, formazioa eta esperientzia baloratuko dira.

  Kiroldegiko mantenu teknikari plaza betetzeko oinarri eta baldintzak zehaztuta, deialdia  Alkate dekretuz bideratzea erabaki zen. Oinarriak udaleko web atarian, www.oñati.eus atarian zintzilikatuta daude eta izen-ematea bihar irekiko da. Interesa duenak, eskaera udaletxeko HAZ bulegoan egin behar du uztailaren 8ra bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!