Kiroldegiko mantenu teknikari lanpostura aurkeztu direnen onartu eta baztertuen zerrenda argitaratu da.

2015/03/06
Lehen azterketa hilaren 12an izango dela ere iragarri da.

  19 izan ziren kiroldegirako mantenu teknikari bat hautatzeko prozesura aurkeztu ziren hautagaiak. Horietatik 11 bakarrik onartu dira ordea, eta beste 8ak baztertu egin dira eskatutako agiri edo baldintzaren bat betetzen ez zutelako. Hiru kasutan, zerrendaz kanpo uztearen arrazoia langabezian ez egotea zen eta gainontzekoetan, nortasun agiria, gida baimena edo eskatutako titulazioaren fotokopiak ez aurkezteagatik. Hautagai horiek 3 eguneko epea dute falta dituzten agiriak udal bulegoetan entregatzeko. Astelehena izango da horretarako azken eguna. Eta ostegunean jada, hilaren 12an, lehenengo azterketa egingo da.

  Lehenengo proba hori teorikoa izango da eta lanpostu deialdian atxiki zen gaitegian oinarrituko da. Gaitegian, udal antolamendu eta eskuduntzen ingurukoak eta lanpostuaren eginkizunekin erlazionatutako ezagutza teorikoak jaso dira. Lehen azterketa gainditzen dutenek ariketa praktikoa egin beharko dute eta eskatutako euskara maila egiaztatu ez dutenek, baita euskarakoa ere.

  Hautaketa prozesuaren bigarren atalean, kiroldegiko mantenu teknikari lanpostuaren funtzioekin zerikusia duten lanetan esperientzia eta formazio osagarria izatea baloratuko da. Baina hori gerora izango da, oraingoz, onartu eta baztertuen zerrenda, epai mahaia osatuko dutenen izendapena eta lehenengo azterketarako deialdia da publiko egin dena. Iragarkia, udaletxeko iragarki taulan eta web atarian ikusgai dago Lan Eskaintza Publiko atalean.

   Udalak, kiroldegirako mantenu teknikaria kontratatu nahi du egun horretan diharduen teknikariaren errelebu kontratua osatzeko. Langile berriak, lanaldiaren %75a beteko du.

Iturria: Oñati irratia