Kiroldegiko kantxa urdinean jarriko dira hautestontziak domekan

2016/06/22
Card image cap
Ikastolan bozkatzen zuten herritarrek, Zubikoa kiroldegira joan beharko dute

  7 hauteskunde mahai jarriko dira domekan Zubikoa kiroldegian. Txantxiku ikastolan obratan arituko direla eta, bertan jarri ohi diren hautestontziak kiroldegira aldatuko zirela jakinekoa zen, berria da, kantxa urdinean kokatuko direla zazpiak. Kantxa berri horretara sartu ahal izateko, kristalezko ate handia, normalean, larrialdietarako den ate handia zabalik izango da 9.00tatik 20.00ak arte, edo beste era batera esanda, botoa emateko 11 orduko tarte horretan.

  Gaur amaitzekoa zen bestalde, botoa postaz emateko epea baina Hauteskunde Batzordeak bihar arte luzatu du. Hau da, domekan, botoa zuzenean ematerik ez eta posta bidez eskatu dutenek biharko eguna dute boto hori emateko azkena. Postariak dokumentazioa banatzen aritu dira eta  Senatu eta Kongresurako aurkezten diren hautagaitza guztien paperak eraman dizkiete. Orain, gustukoena hautatuta, hurbilen duten posta bulegora eraman beharko dute. Hori nola egin, dokumentazioan argitzen da. Opor garaia hasita dago, San Juanak ere badatoz, eta badirudi, horrek eragin duela posta bidezko botoen kopurua ugaritzea. Pasa den astean jada postetxean adierazi zigutenez, Oñatin, pasa den abenduan jaso ziren eskaeren bikoitza baino gehiago tramitatu dute. Oñatin bezala, estatu guztian antzerako fenomenoa gertatu dela eta, lana pilatu denez, posta bidezko botoa emateko epea, bihar arte luzatu da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!