Kiroldegiko jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitazioak aurrera darrai

2016/03/23
Aurkeztu diren bi enpresen eskaintza ekonomikoen plikak apirilaren 4an irekiko dira

  Egun kirol aholkularitza zerbitzua betetzen duen E-Goitek eta Ebone enpresak dira lizitaziora aurkeztu direnak. Kontratazio mahaiak enpresek aurkeztutako txosten teknikoa eta hobekuntza proposamenak baloratu ditu eta puntuazioak gaur bertan argitaratu dira udaletxeko iragarki taulan.

  Memoria teknikoan, bezeroari eskainiko litzaiokeen arreta, beharren balorazioa, kirola eta jarduera fisikoko oinarrizko programaketa, erabiltzaileentzako dokumentazio eta laguntza materiala eta Zubikoa kiroldegiarekin koordinazioa, langileen antolaketa, udalarekin komunikazioa edota zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko neurriak baloratu dira, besteak beste.  Hobekuntzen arloan berriz, zerbitzua dinamizatzeko ekintza eta estrategiak, erabiltzaileak fidelizatzeko proposamenak, publizitatea eta kanpo komunikazioa nahiz tendentzia berriak barneratzeko aukerak baloratu dira. Guztia kontutan hartuta, E-Goitek enpresak 12 puntuko abantaila lortu du Ebone enpresarekiko.

  Baina puntuazioa osatu egin behar da. Eskaintza ekonomikoak ikusi eta baloratu behar dira jakinik 100 puntuko gehienezko baremoan, eskaintza ekonomikoak 60 puntu eskuratzeko aukera emango duela. Eskaintza ekonomiko horiek apirilaren 4an ezagutuko dira, orduan irekiko baitira proposamen ekonomikoen plika edo kartazalak.

  Zubikoa kiroldegian jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua behin behineko izaeraz martxan jartzea erabaki zen iazko otsailean. Zerbitzua, E-Goitek enpresari esleitu zitzaion. Urtebete igaro ondoren balorazioa egin zen eta kirol aholkularitza zerbitzuarekin jarraitzea erabaki zen lizitazio prozesu berria martxan jarriz.

  Kirol aholkularitza zerbitzu hau ez da jarraian eskaintzen, egutegi eta ordutegi konkretu batean baizik. Ahalik eta erabiltzaile gehienera iritsi ahal izateko, zerbitzua astelehenetik igandera eta ordu tarte ezberdinetan eskaintzen da. Urteko egutegia, Zubikoa kiroldegian kontsultatu daiteke. Urtean, 750 orduko kalkulua egin da eta horren arabera, oinarrizko lizitazio aurrekontutzat, 22.500 € gehi BEZa finkatu da. Deialdi honen bitartez kiroldegiko jarduera fisiko eta kirol aholkularitza zerbitzua urtebeterako kontratatuko da hasieran, baina beste bi urtez luzatu daitekeela jaso da baldintzetan.

Iturria: Oñati Irratia