Oñatiko udala

Kiroldegi parean saihesbideko errail bat tarteka itxiko da datozen hiru asteetan.

2014/10/10
Tenis pistetako bat estaltzeko lanek eragindako errail mozketa da.

  Datorren astean, astelehenean bertan hasita, estalkiaren euskarriak eratzeko hormigoia botako da. Hurrengo astean berriz, estalkia bera jarriko da.

  Kiroldegiko tenis pisten kokapena kontutan hartuta, estruktura jartze lanak saihesbidetik egitea ezinbestekoa da. Lan horietan arituko diren kamioi eta garabiak jartzeko errail bat okupatuko da. Ondorioz, tarteka, erraila trafikorako itxi egingo da.

  Gipuzkoa-2630 errepidea Diputazioaren jabetzapekoa denez, erraila hartu eta trafikoa mozteko baimena foru erakundeari eskatu behar izan zaio eta ondoren, trafiko arduradunen aurrean tramitatu. Tramitazioa, bi aldiz bete behar izan da gainera, orain sei hilabete eskuratu zen baimena iraungi zelako. Gogoratu, hasieran tenis pista estaltzeko lanak udaberrian egin asmo zirela, baina lanen esleipenean izan ziren arazoak tarteko  udazkenera atzeratu direla. Ondorioz, errepide errail bat mozteko baimena berriro eskuratu behar izan da.

  Astelehenetik aurrera, eta tarteka, saihesbidearen errail bat trafikorako itxi egingo da, errail mozketa kiroldegi parean izango da eta hori gertatzen den momentuan, trafikoa libre dagoen errailetik bideratuko da. Joan-etorriak semaforo bidez erregulatuko dira.

  Hurrengo astean berriz, hilaren 20ko astean berriz, erraila goizeko 8etatik arratsaldeko 7etara moztuko da. Aste horretan, tenis pistaren estalkia jartzen hasiko dira eta horrek, errepidearen zati bat jarraian okupatu beharra eragingo du. Orduan ere, semaforo bidez emango zaie bidea alde bateko eta besteko ibilgailuei.

  Saihesbidearen errail bat okupatu eta tarteka mozteko baimenak hiru asteko iraupena du. Astelehenean, hilaren 13an hasi eta 31ra arte luzatzen da.

  Gogoratu, kiroldegiko beheko tenis pista estaltzeko lanak egiten ari direla. Uhin formako estalkia jarriko da. Honek, tenis pistaren gainean 7 metroko altuera hartuko du eta estalkiak, argi naturala sartzen uzten duten panelak izango ditu sabaian.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!