Kirol teknikaria aldi baterako kontratatu nahi du udalak, zerbitzua indartu eta Eskola kirolaren koordinazio lanetarako

2017/10/23
Izen- ematea zabalik dago azaroaren 3ra arte

  Hilabeteetan luzatu den hausnarketaren ondoren Eskola kirolaren eredua egokitu beharra ikusi da. Hori nola egituratu, kudeatu eta koordinatu behar den zehazteko proiektua diseinatuko duen teknikaria kontratatzea erabaki du udalak. Eskola kirola programaren arlo didaktiko-pedagogikoa diseinatu eta koordinatu beharko du eta monitoreei formakuntza osagarria eman, laguntza teknikoa eta lanen koordinazioa eta antolaketa nahiz jarraipena eta ebaluazioa egiteaz bat. Era berean, programarako epaileen poltsa osatu eta horiei ere laguntza teknikoa eman beharko die eta Eskola kirola programaren barne eta kanpo komunikazioa diseinatu beharko ditu, besteak beste. Bide batez, udal kirol planifikazio estrategikoaren garapenean egungo teknikariari lagunduko dio, errefortzuko teknikari gisa. Guzti hori, aldi baterako programa batean islatu du kirol departamentuak. Programa urtebeteko epean gauzatzea aurreikusten da eta errefortzuko kirol teknikaria, printzipioz, urtebeterako kontratatuko litzateke.

  Aldi baterako lanpostu honen deialdia publiko egin du jada udalak eta interesatuek azaroaren 3ra arteko epea dute izena emateko. Kirol teknikari lanpostura aurkezteko, jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako goi mailako titulazio akademikoa izatea eskatzen da, lizentziatura edo gradua. Euskarari dagokionean berriz, 4. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izan beharko du.

  Aldi baterako teknikaria aukeratzeko oposizio-lehiaketa sistema erabiliko du udalak. Ondorioz, euskara ezagutza maila agiri bidez egiaztatzen ez duenak azterketaldian erakutsi beharko du hartarako froga gaindituta. Aurrez, deialdiarekin batera argitaratu den gai zerrendan oinarritutako azterketa teorikoa eta praktikoa ere gainditu beharko dira. Lehiaketa aldian berriz, lan esperientzia eta prestakuntza osagarria baloratuko dira. Guzti hori egiaztatzen duten agiriak, hautaketa prozesura aurkezteko eskaerarekin batera presentatu beharko dira. 

  Aldi baterako kontratatuko den kirol teknikari lanpostu honetara presentatu ahal izateko eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira. Lanpostuari buruzko argibideak udaleko web atarian edota udal bulegoetan eskuragarri daude.

Iturria: Oñati Irratia

Herri kirolak eta jokoak Eskola kiroleko programan