Oñatiko udala

Kirol eta kultur taldeei nahiz kultur sormena sustatzeko diru laguntzak nola banatu eztabaidatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/05/03
Card image cap
Jaietan barrakak jartzeko eskaera egin dutenen berri ere emango da

  48 gai zerrendatu dira gobernu taldearen gaurko bilerarako. Gehienak, ohikoa denez, Hirigintza eta Zerbitzuak atalari dagozkionak dira. Eta asko, partikularrek etxeak egin nahi dituzten lanetarako baimen eskaerak. Atal horretan, teilatua konpondu, leihoak aldatu, bainugela eraberritu edota eraikinean isolamendu termikoa jartzeko hainbat eskaera zerrendatu dira. Baina badira bestelako gaiak ere. Hara nola, Ultzegin kalea 1-3 zenbakidun eraikinak aurri edo ruina egoeran deklaratzeko eskaera, Kurtzekua kaleko 3-4 zenbakietan eraikitzen ari ziren etxebizitzen eta garajeen eraikuntza gelditua eta honen orubea derrigorrezko salmenta egoeran aldarrikatzeari jarritako alegazioak edota skate-park gaineko berdegunea txukuntzeko proposamena aztertuko dira, besteak beste.

  Otsaila-martxo inguruan diru laguntzak eskatzeko deialdiak zabaldu zituzten hainbat udal departamentuk eta gaur, Kirolak eta Kultura batzordearenak ebatziko dira: kirol elkarte eta taldeei zuzendutakoak, batetik, eta kultur taldeei eta kultur sormena sustatzekoak, bestetik. Korpus eta San Migel jaietan barrakak jartzeko interesa zuten ferialariei zuzendutako deialdia ere egin zen apirila hasieran. Jasotako eskaerak arratsaldeko bileran aztertuko ditu gobernu taldeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!