Kirol arloko diru laguntzak emateko deialdia kaleratu du udalak

2018/03/13
Herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko eta kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko 13.000 euro banatuko dira diru laguntzetan

  Otsaileko Osoko Bilkuran onartu zen kirol arloko diru laguntzak emateko aurtengo deialdia. Udaleko kirol departamentuak bi diru laguntza lerro ditu: herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko antolatzen dituzten ekintzetarako 3000 euroko partida izango du batetik, eta ohikoak ez diren kirol jardueretarako beste 10.000 euro. Herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko eta kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko diru laguntza hauek eskatzeko hilabeteko epea dute, apirilaren 10a arte.

  Kirola sustatu edo ohiz kanpoko kirol jarduerak antolatzeko udal diru laguntza hauek, klub edo kirol elkarte nahiz entitate juridikorik ez duten talde eta partikularrek eskatu ditzakete, egoitza Oñatin badute edota bailaran izanik, gutxienez, kirolarien % 15a Oñatikoak badira edo Oñatin erroldatuta badaude.

  Kirola sustatzeko diru laguntzak banatzerakoan, taldearen federatu kopurua, kiroldegiko bazkide kopurua, sustapen jardueren antolaketan udal kirol zerbitzuei laguntzea, eskola kirolean lagundu eta parte hartzea, genero berdintasuna eta beste finantzazio bide batzuk lortzeko ahalegina egin izana kontutan hartuko dira. Jasoko den diru laguntza mugatua da, gehienera, 1500 € eskuratu ahal izango dira.

  Udaleko kirol departamentuak duen bigarren diru laguntza lerroa, ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko da. Kasu honetan jasotzen diren eskaerak baloratzeko 9 kontzeptu hartu ohi dira gogoan: kirol jarduerak herrian duen eragina eta herriari egiten dion ekarpena; antolatutako kirol jardueraren historiala eta garrantzia; elkarteak antolakuntza eta ekonomia arloan egindako ahalegina eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka; antolaketan erabili edo kudeatutako baliabideak bai azpiegitura aldetik baita giza baliabideen aldetik ere; aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; ekintzaren iraupena, parte hartze eta kirol maila; emakumezkoen parte hartzea sustatzea; kirol jarduerak antolatzea eskola ume, erretiratu edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenentzat eta azkenik, kirol eta kultur jarduera osagarriak antolatzea.

  Eskaerak eta bestelako dokumentazio osagarria udal buelgoetan aurkeztu beharko dira. Hartarako hilabeteko epea eman da eta apirilaren 10ean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Torreauzoko lasterketak udalaren diru laguntza jaso zuen iaz