Kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak jende agirian daude gaurdanik.

2014/02/06
Card image cap
Alegazioak eta iradokizunak aurkezteko 30 eguneko epea dago.

  Udalbatzak, ohikoak ez diren kirol jardueretarako diru laguntzak nola eman arautzeko oinarriak onartu zituen azken Osoko Bilkuran. Diruz lagunduko diren kirol jarduerak, izan jolasak edo lehia izaerakoak, kirola sustatzea izan beharko dute xede, ez dute irabazi asmorik izango eta interes orokorrekoak izan beharko dute.

  Diru laguntza hauen eskatzaileak, klub edo kirol elkarte nahiz entitate juridikorik ez duten taldea eta partikularrak izan daitezke baldin eta egoitza Oñatin badute, kirolarien %15a baino gehiago herrian erroldatuta badaude eta partikularren kasuan ere, Oñatin erroldatuta badaude.

  Jasotzen diren eskaerak baloratzerakoan 9 kontzeptu hartuko dira gogoan: kirol jarduerak herrian duen eragina eta herriari dakarkion ekarpena; antolatutako kirol jardueraren historiala eta garrantzia; elkarteak antolakuntza eta ekonomia arloan egindako ahalegina eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka; antolaketan erabili edo kudeatutako baliabideak bai azpiegitura aldetik baita giza baliabideen aldetik ere; aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; ekintzaren iraupena, parte hartze eta kirol maila; emakumezkoen parte hartzea sustatzea; kirol jarduerak antolatzea eskola ume, erretiratu edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenentzat eta azkenik, kirol eta kultur jarduera osagarriak antolatzea. Aipatu kontzeptu hauek puntu kopuru jakin bat eskuratzeko aukera emango dute, 100 guztira. Baina udalaren diru laguntza lortzeko, gutxienez 50 beharko dira.

  Eskaerak nola, zein dokumentazio osagarriarekin aurkeztu behar diren eta erantzuteko edo diru laguntza ordaintzeko epeak, ez ohiko kirol jardueretarako udalaren diru babesa eskuratzeko oinarri arautzaileetan zehatz-mehatz jaso dira. Dokumentua atzo argitaratu zen Gipuzkoako aldizkari ofizialean eta gaurdanik jada, alegazio edo iradokizunetarako 30 eguneko epea ireki da. Alegazioetarako epe hori, martxoaren 12an amaituko da

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!