Kimu dendak irabazi du XII. erakusleiho lehiaketa

2019/12/26
Herritarren saria ere eskuratu du Kale Barriako loradendak

  Lau sari baina hiru saridun izan dira aurtengo erakusleiho lehiaketan, sarritan gertatzen den bezala, Herritarren sariak eta epai mahai teknikoak emandakoa bat etorri baitira. Sari bikoitza eskuratu du Kimu loradendak aurten; lehenengo  saria eta Herritarren saria lortu baitu barraketako zalditxoz apaindu den erakusleihoak, 1000 euro guztira. Bigarren saria, 300 €, Amalur dendak eraman du eta hirugarrena, 200 €, Andrea Azkoaga interiorismoak. Aipagarria da iaz ere, Kimuk Herritarren saria eraman zuela eta Andrea Azkoagak berriz,  hirugarrena. Eta iazkoa gogora ekarrita, esan, azken urte honetan ateak itxi dituen  denda historikoetako batek eraman zuela iaz lehenengo saria, Juanitosak alegia.

  Abenduaren 21ean banatu ziren XII. erakusleiho lehiaketako sariak. Guztira 26 dendek parte hartu dute eta 4 sari banatu dira, 1500 €.  Parte hartu duten denda eta lokaletako eskaparateak abenduaren 31ra arte bereziki apainduta mantendu beharko dira, lehiaketaren arauak betez, baina gehienek Errege egunera arte ez dute aldatzen. Ondoren neguko beherapenak hasiko dira eta ordurako bai, erakusleihoek itsura berria hartuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

2019ko sarituak