Kilometroak jaiaren inguruan zirkulazioa eta aparkalekuak nola egokituko diren zehaztuz bandoa atera da

2017/09/18
Card image cap
Argibide idatzia etxe atarietan jarri da asteburuan

  Kilometroak jaiko zirkuituaren barruan geratuko diren kaleak autoz hustu beharko dira zapatu eguerdian. Konkretuki, San Juan kalea, Bidebarrieta kalea, Errementari plaza eta Martzelino Zelaia kaleak autorik gabe egon beharko dira larunbatean, 14:00etarako. San Martin auzoan, nagusien egoitzatik autokarabana gunerainoko errepidearen ondoko aparkalekuak ere hustu egin beharko dira. Eta beste horrenbeste anbulatorioko aparkalekua, Zubikoako lur azpiko aparkalekua, Eltziakoa, Mondragon Unibertsitateko aparkalekua eta Eroskikoa. Dendakoa izan ezik, beste guztiak 14:00tarako hustu beharko dira. Eroskikoa berriz, denda ixterakoan. Ikastola inguruan dauden anbulatorio eta Zubikoako aparkalekuak baimendutako autoentzat gordeko dira, Eltziakoa autokarabanentzat, MUkoa autobus lanzaderen geltoki izango da eta ibilbide barruan geratzen den Eroskiko parking-ean euskal kulturgintza eta artisautza azokak kokatuko dira.

  Zapatu arratsalderako autoak garajeetan sartzea eskatzen da udaleko bandoan eta garajerik ez duten herritarrentzat bi gune berezi gordeko dira: Kalegoiena eta Olaitturri. Aparkaleku publikoa doan izango da eta Olaitturri larunbat goizean irekiko da herritarrek autoak sartu ditzaten. Kilometroakeko zirkuitutik kanpo geratzen diren herriko kaleetan ere aparkatu ahal izango da. Baina kontu egin, domekan, zirkulazioa 8:00tan itxiko dela eta larrialdi zerbitzuetako eta baimenduetako ibilgailuek soilik ibili ahal izango dutela. Jaia 19:00tan amaituko da eta jendea errepideetatik erretiratu eta garbiketa lanak eginda, kaleak trafikora irekiko dira berriro.

  Udanako errepidea ere 7:00tatik 20:00tara itxita egongo da eta lineako eta baimendutako autobusek soilik pasatu ahal izango dute Legazpitik Oñatira. Irteteko ez da arazorik egongo, baldin eta autoak San Lorentzo, Olakua edo Olabarrietatik irteten badira, gainontzekoentzat zirkulatzea ezinezkoa izango baita, esan bezala.

  Kilometroak jaia ospatzen ari den bitartean larrialdiren bat gertatuz gero 112 emergentzietarako zenbakira deitzea gomendatzen da udal bandoan. Domekan emergentzietarako unitate mugikorra Oñatin egongo da eta zerbitzua osatzen duten mediku, erizain eta anbulantzia herrian izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!