Kilometroak jaia irailaren 24an ospatuko da datorren urtean

2016/06/06
Card image cap
Herriko jaiekin bat etor ez zedin, Kilometroak festa, iraileko azken domekara aurreratzea onartu du Ikastolen Federazioak

  Halaxe zabaldu da Txantxiku Ikastolatik, 2017ko Kilometroak jaia, irailaren 24an ospatuko dela. Bide batez, laguntzeko gertu leudeken herritarrei boluntario gisa izena emateko deialdia egin zaie, ikastolara telefonoz deituta: 943.781204 zenbakira edota Txantxiku ikastolako webgunera sartuta.

  Datorren urteko Kilometroak jaia prestatzeko 16 lan talde ezberdin sortu dira jada ikastolan. Asmoa, Kilometroak egunaz gain, ekintzak urte osoan zehar antolatu eta egitea da. Beraz, aipatu lan taldeen ardura, urte osoan zehar izango diren bilera eta ekitaldi ezberdinak aurrera eramatea izango da. Kilometroak, urte osoko festa izatea lortu nahi baita.

  Hasieran, 2017ko Kilometroak Oñatin ospatuko zela zabaldu zenean, egutegira begiratu eta 1989koaren antzera, urriaren 1ean izango zela pentsatu zen, Errosarixo domekan alegia. Herriko jaiak eta Kilometroak uztartzeak ordea, kezka sortu zuen Txantxiku ikastola eta udal arduradunengan eta gaia ondo hausnartu ondoren, Kilometroak festa aurreratu eta irailaren 24an ospatzea proposatu zen. Ikastolen Federazioan data aldaketa onartu zuen eta azken egunetan publiko egin da. Lehen aldia da, urriko lehen domekarekin ospatu izan den Kilometroak jaiak, data aldatzen duela.

   Ikastolatik iritsitako berriekin jarraituz bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako unitateak gehitu eta batxilergokoak kentzeko baimena eman berri dio Txantxiku ikastolari. 2016-2017 ikasturtean indarrean sartuko den ebazpena da, eta orokorrean ez du bigarren hezkuntzako unitate edo gela kopuruan eragingo, zikloen arteko egokitzapena baita. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bi unitate gehituko dira eta batxilergoan berriz, bi unitate kendu. Ondorioz, DBHn, 10 unitate edo 300 ikaspostu egongo dira datorren urtean Txantxiku ikastolan, eta batxilergoan, 4 unitate  edo 140 ikaspostu, zientziak eta giza eta gizarte zientziak modalitateetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!