Oñatiko udala

Kilometroak 2017ko lelo eta logoaren aurkezpen jaialdia egingo da ilunkaran kiroldegian

2016/11/11
Card image cap
Auzolana, elkartasuna, irekitasuna, parekidetasuna eta aniztasuna baloreak bildu nahi dira

  Eta ideia nagusi horiek irudi eta hitzez nola islatu diren gaurko jaialdian aurkeztuko da. Uztailean hasi ziren Txantxiku ikastolan Kilometroak 2017k helarazi nahi duen mezua pentsatzen eta behin leloa erabakita, irudia lantzen hasi ziren ikastolako hiru ikasle ohi: Xanti Ugarte, Amaia Martinez de Arenaza eta Ander Etxaniz.
Logoak eta leloak auzolanaren ideia nagusia biltzen dute bere baitan, baina baita ikastolak zabaldu nahi dituen beste balore batzuk: elkartasuna, irekitasuna, parekidetasuna eta aniztasuna, besteak beste. Eta balore horiek ere irudikatuko dira iluntzeko aurkezpen ikuskizunean. Horretarako, antzerkia, musika, dantza eta ikus-entzunezko euskarriak erabiliko dira. Jaialdian gainera, Txantxiku ikastolaren 50 urteko bilakaera irudikatuko da; hasierako urteetako zailtasunak edota pedagogikoki izan duen bilakaera azalduz. Bide batez, Kilometroak 2017ren mezua zabaltzeko bitarteko izango diren arropak ere erakutsiko dira. 

  Baina era honetako jaiek duten helburu ekonomikoa ezin da ahaztu. Ateratzen den dirua egungo eta etorkizuneko proiektu pedagogikoak bermatzeko erabiliko dela adierazi dute ikastolatik. Proiektu horiekin herriko hezkuntza zerbitzuak aberastea helburu dutela adierazi du Txantxiku ikastolako presidente Aitor Guridik.

  Gaurko aurkezpen jaialdiarekin hasiera emango dio ikastolak, ekintzaz eta ospakizunez beteta etorriko den urteari. Kilometroak 2017ko lelo eta logoaren aurkezpen ekitaldira, herriko hainbat talde eta eragile bereziki gonbidatu dira baina jaia Oñati osorako izatea nahi da eta horregatik, deialdia herritar guztiei helarazi nahi diete. Jaialdia, 20.00tan hasiko da Zubikoa kiroldegian. Kantxako ateak, ordu erdi lehenago irekiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!