"Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat" mozioa aho batez onartu zen ostiralean

2017/09/26
Card image cap
50en bat herritarren babesa izan zuen udalbatzak Osoko Bilkura berezian

  Sei puntuko mozioa adostua zuten EH Bildu eta EAJko udal taldeek eta bere horretan onartu zen. Kataluniako herriak bizi duen egoeraren aurrean elkartasuna adierazten zaie bertako institutuzioei eta herritarrei. Era berean zilegitasun osoa aitortzen zaio Kataluniako parlamentuak egingo duen autodeterminazio erreferendumari. Edozein herri edo kolektiboren etorkizuna erabakitzeko tresna politikorik eraginkorrena libreki adierazitako herritarren borondatea dela gaineratzen du idatziak.

  Kataluniar herriaren eta Parlamentaren erabaki burujabeen aurka Espainiar estatutik burututako erasoak salatu eta arbuiatzen ditu udalbatzak eta gobernua edo auzitegiak herritarren gehiengoak adierazitako borondate demokratikoaren gainetik ezin direla jarri dio mozioak. Kataluniako alkateak deklaratzera deitu izana irmoki salatzen du Oñatiko udalbatzak eta demokrazia praktikan jartzea ahalbidetu nahi duten alkateak inputatzea deitoratzen du.

  Herritarren borondate askean oinarrituta garatzen diren prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa hartzen du udalak eta Kataluniako herriak urriaren 1ean egin asmo duen ariketa demokratikoa errespetatzen duela eta, gainontzeko instituzio eta eragileei ere era berean jokatzea eskatzen die. Hala jakinaraziko diete Kataluniako parlamenteko lehendakariari, Madrilgo gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari. Urriaren 1eko galdeketa egin bitartean udaletxeko balkoian estelada jartzea ere onartu zuen Udalbatzak ostiraleko Osoko Bilkura berezian.

  Batzar aretora 45-50 herritar bildu ziren udalbatzari eta Kataluniako herriari babesa adierazteko. Mozioa irakurri eta aho batez onartu ondoren bildutako guztiek, udal ordezkari eta herritarrek, Lluis Llachen L'Estaca abestu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!