Kataluñako Ingenieria de Trafico –INTRA- enpresa kontratatuko du udalak hiri mugikortasun iraunkorrerako plana egiteko laguntza tekniko moduan.

2013/07/12
Lanen esleipena egin berri da.

  19 enpresa aurkeztu ziren udalak zabaldu zuen kontratazio publiko prozesura. Horietako batzuek ordea, neurri gabekotzat jo ziren eskaintza ekonomikoak proposatu zituzten eta azalpenak eskatuta, 3 enpresek ez zituzten behar besteko argibiderik eman eta ondorioz, prozesutik kanpo utzi ziren. 16 eskaintza baloratu ditu beraz kontratazio mahaiak eta puntuaziorik altuena lortuta, Ingenieria de Trafico S.L (INTRA)  enpresa kontratatzea proposatu zuen. Eskaintza ekonomikoaz gain, lana gauzatzeko jarraituko den metodologia, plana idatziko duen taldearen osaketa eta eskainitako hobekuntzak kontutan hartu dira.

  Udalak, 46.000 euroko diru partida zuen egitasmo honetarako baina lana gutxiago gastatuta egingo da, INTRA enpresak, 29.900 euro gehi BEZaren truke egitea proposatu baitu.

  Hiri-mugikortasun iraunkorrerako plana ez da hutsetik abiatuko eta herrian aurretik eginak dauden beste plangintza batzuk kontutan hartuko dira: irisgarritasun plana, bizikleta plana edota energia iraunkorraren inguruko ekintza plana besteak beste. Alde horretatik, kontratatu den enpresak, orain arteko dokumentuen bilduma eta mugikortasunaren oinarrizko diagnostikoa egiteko datu bilketa egin beharko du lehenik. Bigarren fasean, hainbat eszenatokitan frogatuko diren simulazio eredu batzuk zehaztu beharko dira eta mugikortasun diagnostikoa egingo da ondoren, bai auto pribatua, garraio publikoa, oinezkoak eta bizikletak kontutan hartuta, diagnostiko honetan, aparkaleku sistema ere integratuko da. Lanaren azken fasean, berriz, mugikortasun iraunkor eta seguruago baten aldeko ekintza programa zehatza osatu beharko da, epe motz, ertain nahiz luzerako proposamenak jasoz. 

  Lana, 5 hilabeteko epean egin beharko da. Okerrik ezean beraz, urte amaierarako amaituko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!