Kanposantu inguruko zaintza lana areagotu du udaltzaingoak

2017/10/31
Autotik poltsa lapurtu ziotenaren salaketa jarri zuen atzo herritar batek

  Autoak itxi eta poltsak eta baliozko gauzak ibilgailuetan ez uzteko gomendatzen duten kartelak jarri dira kanposantu inguruan, urtero, garai honetan, egiten den bezala. Atzo, lehen lapurreta salaketa jaso zuten udaltzaingoan baina aurretik jada adi zeuden. Jakina baita, Domu Santu eguna tarteko,  kanposantu inguruan jende asko ibiltzen dela, baita lapurrak ere.

  Herritar asko azaroaren 1a aurretik joaten dira kanposantura,hilobiak txukundu edo loreak eramatera. Poltsak eta baliozko gauzak zaindu ditzatela aholkatzen zaie udaltzaingotik. Halako sartu-irtenak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Gertatu ohi da gainera, kargatuta joatean, autoa giltzaz itxi gabe uzten dela. Lapurrek ez dute denbora askorik behar izaten autoak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta begi bistan dagoen baliozko zamarra edo objektuak harrapatu eta ihes egiteko. Halako lapurretak urtero salatu ohi dira udaltzaingoan, aurtengo lehena atzo bertan jaso zen. Horregatik arretaz ibiltzeko gomendioa zabaldu da berriro.

  Poltsak hartu, autoak itxi eta ibilgailuan baliozko ezer ez uzteko gomendatzen dute udaltzainek. Oinarrizko babes neurri horiek beti hartzeko aholkatzen dute, nahiz eta hilerrira minutu gutxi batzuetarako sartzeko asmoa izan. Eta hilerrian bertan ere kontuz ibiltzea eskatzen dute, etxekoen hilobia txukuntzen den bitartean poltsa edo berokia inguruan baina zaintzarik gabe uzten badira, bueltan, akaso ez baitira aurkituko.

  Udaltzainek arreta jartzeko gomendio txartelak jarri dituzte kanposanturako atarian eta aparkalekuan. Inguruko zaintza areagotu dute gainera, eta udaltzainen autoa, sarri-sarri dabil kanposantura bueltaka.

Iturria: Oñati Irratia

Kanposantuan jarri den kartela