Kanpo kontsulten eremu berria ireki da gaur Debagoieneko ospitaleko eraikin zaharrean

2020/01/27
Kontsulta berriak bigarren solairuan egokitu dira

  Ospitale zaharrean 1.400 m2 egokitu dira kanpo kontsulten eremu berrirako. Hala, lehendik bertan eskaintzen ziren espezialitate medikoen kontsulta eremua handitu eta osatu da, gainerako espezialitate kirurgikoak gehituta. Aurrerantzean, ospitale zaharrean, espezialitatetako kontsulta guztiak egingo dira, ginekologia eta pediatria izan ezik. Horiek, Arrasateko anbulatorioan kokatuta jarraituko dute.

  Ospitale zaharreko bigarren solairuan gaur ireki diren instalazio berrietan 700 m2-ko espazioa egongo da, 12 kontsultatan banatuta: oftalmologiako eta otorrinolaringologiako proba funtzionaletarako 9 gela, sendaketa-gela, igeltsu-gela, erizaintzako kontsulta eta bezeroarentzako harrera  eremua.

  Gaur ireki diren instalazio egokitu berri hauekin Debagoiena eskualdeko 64.500 herritar baino gehiagori eskainitako asistentzia-kalitatea hobetu nahi da. Debagoieneko ESIak 109.682 paziente artatu zituen iaz kontsulta espezializatuetan.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Mondraberri)