Kaleko edukiontzien erreketen ustezko egilea identifikatu eta inputatu du Ertzaintzak.

2013/06/14
Atzo hasitako diligentziak amaituta, kasua Bergarako epaitegiaren esku geratuko da.

  Portu kalean susmoak izan zituen herritar batek emandako abisuari jarraituz identifikatu ahal izan da kaleko edukiontziei ustez su ematen aritu den pertsona.

  Atzo arratsaldean bertan, Aita Madina kaleko edukiontzi hori bati zu eman zitzaion eta ondoren, Portu kaleko beste bati. Bertatik pasatzen zen herritar batek zerbait susmatu zuen eta ustezko egileari Apaolazaren alarguna kaleraino jarraitu zion, aurrez, udaltzainei abisua emanda. Apaolazaren alarguna kale horretako beste edukiontzi batek su hartu zuela ikusitakoan, pertsona susmagarria identifikatzera jo zen.

  J.I.G 46 urteko oñatiarra da ertzainek identifikatu zutena eta kalteak nahita eragiteagatik inputatu dutena. Ertzaintzak atzo hasitako diligentziak osatu behar ditu kasua, Bergarako epaitegiaren esku uzteko. Horretarako, lekukoaren eta udaltzainen testigantza jasoko da.

  Kasua, esan bezala, Bergarako epaitegiaren esku utziko da eta honek, erabaki beharko du aurkeztutako frogak nahikoak diren inputazioak aurrera egin dezan ala ez. Baiezko kasuan, kasua epaituko du. Patrimonioan kalteak eragitearen delituak zigor ekonomikoa izan ohi du.

  Hasiera batetan hiru dira inputatuak ustez atzo erre zituen edukiontziak. Aurreko hilabeteetan ordea, halako kasu gehiago izan dira herrian eta horiek leporatu dakizkiokeen ala ez ikertu behar da.

  Edukiontzien erreketen inguruan pertsona bat identifikatu zela jakin orduko, udal gobernu taldeak oharra kaleratu zuen udaltzaingoa eta herritarrak zorionduz. Idatzian dioenez, herritarren kolaborazioari esker lortu baita aipatu pertsona identifikatu eta inputatzea. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!