KALEAN udako kultur egitaraua gertu dago

2016/06/08
Musika nagusi den programazioan, zinea aire librean eta kale antzerkia ere jaso da

  Azken urteetako bideari jarraituz herriko eragileekin elkarlanean antolatu da aurtengo KALEAN egitaraua. Musika nagusiki baina antzerkia eta zinea aire librean programatu dira ekaina, uztaila eta abuzturako.

  Lehen ekitaldia, datorren ostiralean, ekainaren 17an gauzatuko da, Jose de Azpiazu musika eskolakoen eskutik, ikasturte amaierako kontzertua egingo da  Foruen enparantzan. Uztailaren 1ean berriz, Udako gauak izeneko kontzertua egingo du Ganbara abesbatzak Mikel Goiaingeruaren Parrokiako atarian.

  Hurrengo bi musika emanaldiak Lazarragako lorategian izango dira: uztailaren 6an, Kubako D'Capricho bikotea arituko da eta astebete beranduago, uztailaren 13an, Lekord taldearen eskutik musika eta poesia uztartzen duen Sokak ikuskizuna eskainiko da. Uztailaren 20an ere musika izango da baina Atzeko kalean. Arcana has soul taldearen kontzertua izango da. Uztaileko eskaintza osatuz, hileko azken asteazkenean, zine emanaldia aire librean, CHEF filma euskaraz pantailaratuko da plazako pilotalekuan. Deskuidoan, eguraldi txarra balego, emanaldia, merkatu plazara aldatuko litzateke. Eta beste horrenbeste egingo da abuztuaren 2rako antolatu den elektrotxarangaren emanaldian, alegia, eguraldi ona badago kaleetan barrena ibiliko da eta euria egiten badu, Merkatu plazan. KALEAN programazioa osatuz, abuztuaren 28an, Letter kale antzerkia izango da Foruen enparantzan Malas compañias taldearen eskutik.

  KALEAN programazioa, uztaila-abuztuan nahikoa hankamotz geratzen zen herriko kultur eskaintza osatzeko asmoz abiarazi zen. Gaztelekuaren ekimena zena, herriko eragileen eta beste udal departamentu batzuen ekarpenez aberastuz joan da. Egitaraua urtez urte borobildu da eta kanpotik datozen artisten emanaldiak herritarren ikuskizunekin  osatuz joan dira. Aurten ere hala egingo da.