KALEAN udako kultur egitaraua berrikuntza ugarirekin dator aurten.

2014/06/10
Epeetan luzatu da, eszenatoki eta gune berrietara zabaldu da eta herriko eragile ezberdinekin elkarlanean antolatu da.

  Egitasmoaren diseinuan herriko eragileekin elkarlana sustatu eta baloratzea izan da helburuetako bat. Aurrera begira ere erronka bide horretatik jarraitzea izango da, musika,  antzerki  eta hainbat kultur ekitaldiez gain herriko eragileek sortzen dituzten  kultur ekitaldiak sustatu eta Kalean programazioan barneratuz.

  Baina horrezaz gain, egitasmoa epeetan luzatu da eta uztaila eta abuztuko egun gutxitako eskaintza izatetik, udako eskaintza, ekaina, uztaila eta abuztuko eskaintza izatera pasa da. Hala, lehen ekitaldia, bihar bertan, ekainaren 11an izango da.

  Kalean egitarauak dakarren hirugarren berritasuna, ikuskizunen kokalekua da, herriko gune eta txoko berrietara zabaldu nahi izan baita.

  Kalean programazioa, esan bezala, bihar bertan abiatuko da Jose de Azpiazu musika eskolako haize taldeak Lazarraga jauregiko lorategian emango duen kontzertuaz. Ekainaren 27an berriz, Ganbara eta Ganbara gazte abesbatzak, jazz hirukote batekin batera, “jazz eta habanerak bat eginda” emanaldia eskainiko dute Bidaurretako eliz atarian.

  Eta aurtengo udako musika eskaintza osatuz, uztailaren 9an, VENTOS DE SUADADE taldearen kontzertua izango da berriro Lazarraga lorategian.

  Uztailaren 19an, ELTZIA egitasmoaren inguruko ate ireki jarduna osatuko da eta gauean Kantoikrit kriteriuma.

  Utzailaren 23an berriz, kale antzerkia izango da The Funes Troup taldearen eskutik. Hauen “Funes Van” ikuskizuna eskainiko dute plazan.

  Abuztuaren 30ean bestalde, egun osoan luzatuko den Surf festa izango da. Eta hileko azken egunean, Malas Compañias zirko talearen ikuskizuna plazan.

Iturria: Oñati irratia