Kalean da udaleko euskara sailak argitaratzen duen egutegia

2017/12/18
Ikastetxe, denda eta lokal publikoetara banatzen ari dira eta turismo bulegoan eta udaletxean ere eskuragarri daude euro baten truke

  Hirigintzarekin zerikusia duten garai bateko eta gaur egungo argazkiak tartekatu dira egutegia ilustratzeko. Azken hamarkadatan Oñati nola aldatu den eta hirigintzaren garapena nolakoa izan den ikus daiteke irudietan. Argazkiak, udal artxibategiko funtsetik atera dira eta zuri beltzean nahiz  koloretan ateratakoak uztartu dira.

  2018ko egutegian, hirigintza eta euskara eskutik datoz; lurralde antolamendua eta hizkuntza. Izan ere, jakinekoa da hirigintzak eragina duela euskararen erabileran. Datorren urtean gainera, Hiri Antolaketarako Plan Orokorra, HAPO deritzona lantzen hasiko da udala. Beraz, 2018ko udal egutegian bi arloak lotu dira. Lurraldea eta hizkuntza, euskaraz gara da egutegiaren lema nagusia. Egutegi berriaren 700 ale egin dira. 2018ko udal egutegiak aurreko azken urteetako diseinua mantentzen du. Hileko bi orrialde dauzka, egutegiari dagokiona eta argazkia.

  Hasi dira jada udal egutegia banatzen. Herriko ikastetxe, elkarte, establezimendu eta enpresetan banatzen ari dira horman zintzilikatzeko udal egutegiak. Gaurtik aurrera bestalde, turismo bulegoan eta udaletxeko harreran ere eskuratu daitezke euro baten truke.

Iturria: Oñati Irratia