Oñatiko udala

Kale zaharreko piboteak goizeko 9etan irekitzen hasi dira.

2014/07/15
Mugikortasun planaren baitan, Kale Zaharreko zamaketa ordutegia murriztu eta 9etatik 12ak artekoa da atzotik. Ondorioz, motordun ibilgailuen sarrera oztopatzen duten piboteak ere goizeko 9ak arte ez dira jaisten.

  Atzo bertan sartu zen indarrean Kale Zaharreko zamaketa ordutegi berria. Neurria, “Oñatiko Mugikortasun planean” jaso zen, erdiguneko kaleetan motordun ibilgailuak murrizteko proposamen gisa. Oraingoz, proba moduan hasi dira.

  Trafiko ordutegi murriztua duten hiru kaleetatik, Kale Zaharrean pilatzen dira auto gehien goizeko lehen ordutan, eta ez justu zamaketa lanak eraginda. Udaltzainek egiaztatu ahal izan dutenez, kalean autoa aparkatzen duten herritar asko kafea hartu edo gosaltzera joaten da. Taberna eta kafetegi aurrealdean aparkatzen diren autoek arazoak sortzen dituzte benetan zamaketa lanak egitera sartzen diren kamioi eta furgonetak aurrera egin ezinda geratzen direlako.

  Ohitura txarrak saihestu aldera eta oinezkoen kaleak trafikorako irekitzearen helburua bete dadin, hau da, zamaketa lanak egiteko, erabaki da Kale zaharreko ordutegia egokitzea.

  Atzo jada, Kale Zaharreko piboteak goizeko 9ak arte ez ziren jaitsi eta ez zen aparteko arazorik sortu.

  Etorkizunean neurria oinezkoentzako beste guneetara zabaltzeaz ez da erabakirik hartu oraindik. Kale Zaharreko esperientzia ikusi eta baloratu beharko da eta Kale Barria edo Atzeko Kalera hedatzea komeni den. Kale bakoitzeko problematika ezberdina da eta kasu honetan, esan bezala, tabernara joateko zenbait herritarren praktika txarra saihestea bilatu da nagusiki.

  INTRA enpresak osatu zuen hiri mugikortasun iraunkorrerako planean eta erdigune historikora begira hainbat hobekuntza proposamen jaso ziren: oinezkoen zonaldea handitu, zamalanen gunea arautu eta pasoko trafikoa murriztu, besteak beste. Kale Zaharrean atzo indarrean sartu zen zamaketa lanetarako ordutegia egokitu eta murrizteko neurria, zentzu horretan hartu da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!