Kale zaharra eta Lizaur kaleko ur hoditeria berritzeko lanak trafikorako kritikoa den bi kaleen elkargunera iritsi dira.

2014/02/04
Card image cap
Oraingoz, arazo handirik gabe, autoen joan-etorria semaforo bidez bideratzen ari dira.

  Otadui zuhaiztian, Olalde baserriaren parean hasi ziren hoditeria aldatzeko lanak Lizaur kaleraino iritsi dira jada. Gune kritikoa da hori, errepidearen alde batetik egin diren lanak bestaldera aldatu behar direlako eta ur edangarriaren hoditeria ez ezik, saneamenduarena eta beste azpiegitura batzuenak berritzeko ere aprobetxatuko delako.

  Kale zaharrak eta Lizaur kaleak bat egiten duten gune hori estutu den arren, ez da trafikorako guztiz itxi. Ez behintzat oraingoz. Autoen joan etorria semaforo bidez arautzen da. Baina izan da aldaketarik, Aita Madina kaletik doazen autoei ez baitzaie eskumatara biratzen uzten eta derrigorrean Posta bulegoruntz hartu behar baitute. Inguruan zanga berriak irekitzen direnean edo kalea bera zeharkatuz errepidea zulatzen denean beste neurri batzuk hartu beharko direla aipatu digu udaltzain buruak, baina oraingoz, ez da halakorik behar. Hori bai, bertatik derrigorrean pasa beharrik ez dutenei beste bide batzuk erabiltzeko eskatzen zaie.

  Azaroa inguruan Kasablankan hasi ziren ur hoditeria aldatzeko lan hauek, posta-bulegora bitartean luzatuko dira.
Edateko ur garbiaren hoditeria eta bestelako azpiegitura hoditeria batzuk berritu ondoren Kale Zaharrak eta Lizaur kaleak bat egiten duten inguru horretan oso kaltetuta dagoen errepidearen zoladura ere konponduko da. Asfaltoa oso hondatuta dago, zulo handiak daude eta konpondu beharra dago.

  Hoditeria aldatu eta ondorengo asfaltatze lanak egiteko beraz, oraindik asteak beharko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!