Kale garbiketako pioitarako aurkeztu diren langabetuen behin behineko puntuazioak argitaratu dira

2017/11/22
Ostiralera bitarteko epea dago erreklamazioetarako

  Oñatin erroldatuta eta langabezian dauden 17 lagun elkarrizketatu dira pioi lanpostu hauetarako. Bakoitzari dagokion puntuazioa zerrenda orokor batean jaso da eta bakoitzaren egoeraren araberako taldekako zerrendak ere osatu dira. Guztiak udaletxeko iragarki taulan eta web atarian argitaratu dira, ikusi ez ezik, erreklamazioak aurkeztu nahi badira, horretarako aukera izan dadin. Erreklamazioetarako azken eguna azaroaren 24a, ostirala izango da.

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako Lanbideren diru laguntzaz kale garbiketa zerbitzurako 3 pioi kontratatuko ditu udalak. Aldi baterako kontratazioak izango dira, hiru hilabeterako eta lan jardun osoz. Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da diru laguntzen helburua eta horregatik, Lanbidek, emakumezkoak, 55 urtetik gorakoak edota RGI deritzona jasotzen dutenak kontratatzea eskatzen dio udalari. Baldintza horiek kontuan hartuta osatu dira taldekako zerrendak.

  Kale garbiketako pioiak lanean lehenbailehen hastea nahi du udalak. Okerrik ezean, datorren astean sinatuko dute kontratua hautatutako hiru langilek.

Iturria: Oñati Irratia