Kale garbiketako arduradun plaza betetzeko azterketaldia etzi amaituko da

2017/09/12
Ariketa psikoteknikoak eta elkarrizketa ostegunean egingo dira

  Lau hautagai dira kale garbiketa zerbitzuko arduradun lanposturako prozesuan jarraitzen dutenak. Azken bi probak falta dira azterketaldia osatzeko eta biak, elkarren segidan, ostegunean egingo dira. 9:00tan azterketa psikoteknikoa egingo da eta ondoren, hautagai bakoitzarekin elkarrizketa. Guztiak udaletxean egingo dira.

  Kale garbiketako arduradun plaza oposizio-lehiaketa sistemaz beteko da., Hautagaiek agiri bidez egiaztatutako merituak oinarri hartuta lehiaketa faseari zegozkion behin betiko emaitzak uztailaren 26an argitaratu ziren. Etziko proba bikoitza amaitu eta baloratu ondoren, gainditu dutenen puntuaziori lehiaketa fasekoa batuko zaio. Puntu gehien biltzen dituen hautagaia proposatuko du epai mahaiak kale garbiketa zerbitzuaz arduratzeko. Horrela, orain urtebete pasa udalak martxan jarri zuen zerbitzuaren kudeaketa zuzena berreskuratzeko prozesua osatuko da; iazko urrian lanean hasi ziren kale garbitzaileen plantilla borobilduz, zerbitzu arduraduna izendatu eta kontratatuko baita.

  Kale garbiketako arduradunaren zeregin nagusiak hauek izango dira: kale garbiketa zerbitzuan zehazten diren irizpide eta jarraibideak garatu, koordinatu eta betetzen direla begiratu; zerbitzurako hobekuntzak eta neurri zuzentzaileak proposatu; kale eta udal instalazioen garbiketaz arduratzen diren langileek behar dituzten bitartekoak eta ekipamenduak jartzeaz arduratu; saileko buruari hobekuntza teknikoak eta giza baliabideen hobekuntzak proposatu; herritarren kexak aztertu eta dagokionean neurri zuzentzaileak hartu; larrialdietan, elurte, uholde, haizete edota istripuetan esaterako, laguntza ematea; hildako animaliak erretiratu eta hiri eremuko konpost gune komunitarioen kudeaketan laguntzea, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia