Kale garbiketako arduradun lanposturako onartu eta baztertuen zerrenda argitaratu da

2017/02/22
Erreklamazioetarako epea martxoaren 6an amaitzen da

  15 lagun izan ziren kale garbiketa zerbitzuko arduradun lanpostura aurkeztu zirenak. Hautaketa prozesura 14 onartu dira eta bat, oraingoz, baztertu egin da. Oraingoz diogu, aipatu onartu eta baztertuen zerrenda behin behinekoa delako.
Baztertu den hautagaiak ez du fitosanitario aplikatzaileen inguruko formakuntza egiaztatu. Baina horretarako aukera badu oraindik, erreklamazioak presentatzeko martxoaren 6ra arteko epea ireki baita. Epe hori beteta, behin betiko zerrenda argitaratuko da hautaketa prozesuari hasiera emanez.

  Epai mahaiko kideak azterketaldia prestatzen ari dira jada, prozesua berehalakoan martxan jarri nahi baita. Kontu egin behar da udalak urrian bereganatu zuela kale garbiketa zerbitzua eta egun, hainbat langilek betetzen duten arren, ofizialki behintzat, ez dagoela zerbitzu arduradunik. Hutsune hori betetzera letorke langile berria.

  Kale garbiketako arduradunaren zeregin nagusiak hauek izango dira: kale garbiketa zerbitzuan zehazten diren irizpide eta jarraibideak garatu, koordinatu eta betetzen direla begiratu; zerbitzurako hobekuntzak eta neurri zuzentzaileak proposatu; kale eta udal instalazioen garbiketaz arduratzen diren langileek behar dituzten bitartekoak eta ekipamenduak jartzeaz arduratu; saileko buruari hobekuntza teknikoak eta giza baliabideen hobekuntzak proposatu; herritarren kexak aztertu eta dagokionean neurri zuzentzaileak hartu; larrialdietan, elurte, uholde, haizete edota istripuetan esaterako, laguntza ematea; hildako animaliak erretiratu eta hiri eremuko konpost gune komunitarioen kudeaketan laguntzea, besteak beste.

  Lanpostua, lehiaketa-oposizio sistemaz beteko da. Azterketaldian hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte hautagaiek, azterketa teoriko eta praktiko bana, elkarrizketa eta 3. hizkuntza eskakizunaren maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarazkoa ere bai. Lehiaketaldian berriz, duten formazio osagarria eta lan eskarmentua baloratuko da.

Iturria: Oñati Irratia