Kale garbiketa zerbitzurako bi pioi berri kontratatuko dira LANBIDEren diru laguntzaz

2016/11/04
Hautaketa prozesua burututa, behin behineko emaitzak ikusgai daude

  Berez, bost ziren Lanbideren enplegu planaren baitan kale garbiketa zerbitzurako Udalak kontratatu asmo zituen pioiak. Horretarako lehen deialdia irailean egin zen eta hiru kontratu ere orduan egin ziren. Baina Enplegu Zerbitzuaren diru laguntza jaso ahal izateko, langileek baldintza sozio-ekonomiko jakin batzuk bete behar zituzten eta deialdi hartan DBE edo RGIa deritzona jasotzen duten bi langabe kontratatzea ezinezkoa gertatu zen. Orain, urrian, bigarren deialdia egin da. Hautaketa prozesura 13 lagun deitu ziren baina bost ez ziren aurkeztu eta beste bik ez zituzten eskatutako baldintzak betetzen. Ondorioz, gainontzeko  seiak elkarrizketatu ziren. Horrekin batera, duten esperientzia eta formazioa baloratu zitzaien. Hautaketa prozesu honen behin behineko emaitza udaletxeko iragarki taulan eta web atarian argitaratu da, erreklamazioetarako epea zabalduz. Erreklamazioak aurkezteko azken eguna, hilaren 8a izango da.

  Bi pioi berri hauek berehala lanean hastea nahi da. Langile berriei, hiru hilabeteko lan kontratua egingo zaie.

  Tokiko esparruan enplegua sortzeko aurtengo egitasmoaren baitan Oñatiko Udalak  8 langabetu kontratatzeko diru laguntza onartu du Lanbide zerbitzuak: kale garbiketarako bost pioi eta Gizarte Zerbitzuak Departamentuko artxiboa eta Udal Artxiboa antolatzeko pertsona bana eta Gazteria Departamenduan administrari lanak egiteko beste bat. Artxibo antolaketa eta administrari lanetarako langileak aukeratzeko deialdiak Lanbideren bitartez argitaratuko dira. Artxiborako langilea hautatzekoa datozen egunotan argitaratuko da Lanbideren web atarian. Gainontzekoak, datozen asteetan, Udaleko Giza Baliabideak Departamentuan esan digutenez.

Iturria: Oñati Irratia