Kale garbiketa zerbitzurako arduraduna kontratatuko du Udalak

2016/11/11
Card image cap
Lanposturako deialdia egitea erabaki zen azken Osoko Bilkuran eta datozen egunotan kaleratuko da

  Oposizio lehiaketa irekiz beteko da udal plantillan hutsik dagoen kale garbiketako arduradun plaza. Lanpostura aurkeztu ahal izateko, eskola graduatua izan behar da, B gida-baimena edukitzea eta produktu fitosanitarioen oinarrizko mailako aplikatzaile karneta izatea ere eskatzen da. Euskarari dagokionean, 3.hizkuntza eskakizunaren maila izan behar da.

  Kale garbiketako arduradunaren zeregin nagusiak hauek izango dira: kale garbiketa zerbitzuan zehazten diren irizpide eta jarraibideak garatu, koordinatu eta betetzen direla begiratu; zerbitzurako hobekuntzak eta neurri zuzentzaileak proposatu; kale eta udal instalazioen garbiketaz arduratzen diren langileek behar dituzten bitartekoak eta ekipamenduak jartzeaz arduratu; saileko buruari hobekuntza teknikoak eta giza baliabideen hobekuntzak proposatu; herritarren kexak aztertu eta dagokionean neurri zuzentzaileak hartu; larrialdietan, elurte, uholde, haizete edota istripuetan esaterako, laguntza ematea; hildako animaliak erretiratu eta hiri eremuko konpost gune komunitarioen kudeaketan laguntzea, besteak beste.

  Azken Osoko Bilkuran lanposturako oinarriak onartu ondoren, deialdiaren iragarkia datozen egunetan argitaratuko da, Gipuzkoako Aldizkarian lehenik eta estatukoan ondoren. BOEn kaleratuta, hautaketa prozesurako izen ematea irekiko da.

  Lanpostua, lehiaketa-oposizio sistemaz beteko da, esan bezala. Azterketaldian hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte hautagaiek, azterketa teoriko eta praktiko bana, elkarrizketa eta hizkuntza maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarazkoa ere bai. Lehiaketaldian berriz, duten formazio osagarria eta lan eskarmentua baloratuko da.

  Urriaren 1az geroztik udalak zuzenean kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzurako hainbat langile kontratatu ziren iraila amaiera aldera. Orain, zerbitzuko arduradun lanpostua betetzeko prozedura abiatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!