Kale garbiketa zerbitzuan arituko diren 9 langile kontratatzeko hautaketa prozesua abian da

2016/05/16
7 pioi eta bi pioi gidari lanpostutara aurkezteko epea, ekainaren 2an amaitzen da

  Oinarrian, pioi eta pioi gidari lanpostuetarako eskatzen diren baldintzak antzekoak dira: 16 urte beteta izatea, eskolaratze ziurtagiria edo baliokidea den titulazioa izatea, fitosanitarioen aplikatzaileen oinarrizko formazioa eta produktu horiek erabiltzeko gaitasuna ematen duten agiria izatea eta gida baimena izatea; pioien kasuan, B gidabaimena pioi gidarien kasuan, C gidabaimena. Aipagarria da pioi lanpostuetako bat minusbaliatuentzako plaza izango dela. Kasu honetan ez da gida baimenik eskatzen baina gutxienez % 33ko minusbaliotasuna duela egiaztatu behar da. Hautaketa prozesuan, minusbaliotasuna dutenenei gordetako plaza beteko ez balitz, txanda librean eskainiko litzateke. Euskarari dagokionean bestalde, lehen hizkuntza eskakizunaren maila jarri da 9 lanpostuetan baina ez da azterketaldian egiaztatu beharko, 2019ko abenduaren 31rako baizik.

  Lanpostuak oposizio lehiaketa bidez beteko dira eta azterketaldian, baztertzailea izango ez den euskarazko probarekin batera, azterketa teoriko eta praktiko bana gainditu beharko dira. Lehiaketa aldian berriz, prestakuntza osagarria eta lan esperientzia baloratuko dira.

  Ostiralean argitaratu zen 9 lanpostu hauei buruzko deialdia Estatuko Boletin Ofizialean, izena emateko epea zabalduz. Hautaketa prozesura aurkeztu nahi dutenek, eskaera, udal bulegoetan egin behar dute ekainaren 2ra arte. Lanpostuei buruzko oinarriak ere, udal bulegoetan eskuratu daitezke.

  Kale garbiketa zerbitzua urrian hartuko du berriro bere gain Udalak. Ordurako, 9 langile kontratatu asmo ditu, 7 pioi eta bi pioi gidari.

Iturria: Oñati Irratia