Kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzearen gaia aztertuko da gaurko Osoko Bilkuran

2016/02/25
EAJk lehiaketa publikora berriro ateratzea proposatzen du

  2016ko aurrekontuak eztabaidatu zirenean kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzea aurre ikusi bazen ere, erabaki formala hartzeko dago oraindik. Abenduko Osoko Bilkuran jada esan zen FCC enpresarekin egun dagoen kontratua irailean amaituko dela eta urriaren 1etik aurrea,  zerbitzuaren kudeaketa zuzena Udalak hartuko duela. Horretarako 10 langile kontratatzea aurre ikusi zen Udalaren Lan Eskaintza Publikoan. Abenduko plenoan udal talde jeltzaleak zalantzak azaldu zituen eta orain 15 egun, kale garbiketa zerbitzua lehiaketa publikora berriro ateratzea proposatu zuen. Pentsa-ohar bidez jakinarazi zuenez, zerbitzua baldintza plegu zorrotz batekin berriro lehiaketa publikora ateratzea proposatu zuten jeltzaleek. Udalbatza osatzen duten bi taldeek kudeaketa eredu ezberdinak defendatzen dituzte eta bakoitzak bere argudioak emango ditu arratsaldeko Osoko Bilkuran.

  Gaurko lan zerrendan ordea, beste 16 jaso dira. Gizarte larrialdietarako udal laguntzen ordenantza eta 2016ko deialdia egitea, Bidebarrieta kaleko 24an udalaren jabetzapekoak diren hiru etxebizitza alokatzeko deialdia edota bake epaile eta ordezko karguak betetzeko epai mahaiaren proposamena ere jorratuko dira, besteak beste. Gazteek etxebizitzak alokatzeko udalak ematen dituen diru laguntzen ordenantzan aldaketa egitea ere proposatuko da. Kirol batzordearen eskutik, kiroldegian publizitatea jartzeagatiko tasa arautzen duen ordenantza behin betikoz onartzea eta Udala eta Aloña Mendi elkartearen arteko 2016ko lankidetza hitzarmena onartzea eskatuko da.
Emakumearen Nazioarteko Eguna badatorrela eta, martxoaren 8ko erakunde adierazpena aurkeztuko du EH Bilduk. Adierazpenari mozio izaera eman zaio.

  Otsaileko Osoko Bilkura 19.30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia