Osasun ministerioak zehaztutako protokoloa jarraitzen da kale eta leku publikoen garbitasunean

2020/03/25
Card image cap
Produktuak eta garbikarien kontzentrazioak oso zuhur zaintzen dituztela argitu digu taldeko arduradunak

  Txakurren batek osasun arazoak izan dituela-eta kezka sortu da kaleak eta kale-altzariak garbitzeko erabiltzen diren produktuen inguruan. Osasun ministerioak zehaztutako protokoloa jarraitzen dutela argitu digu kale garbitzaileen arduradunak. Uretan disolbatutako lixiba eta baimendutako xaboia erabiltzen dute zisterna bidez kaleak garbitzeko eta kale altzariak pistolaz edo eskuz garbitzeko.

  Produktu eta garbikarien proportzio eta kontzentrazioak oso zuhur zaintzen dituztela adierazi digu taldeko arduradunak. Dena den, eta animalien segurtasuna areagotzeko, kale-altzari eta eskudel edo baranda inguruetan txakurrak bereziki zaintzea gomendatzen da, inguruko belarra eta guneak miazkatu ez ditzaten.

  Herria ahalik eta garbien mantentzeko lan bereziekin jarraitzen dute kale garbitzaileek. Herriko kale eta pasagune bereziak, herritar asko dabiltzan denda, banketxe, botika eta autobus geltoki inguruak, egunero garbitzen dira zisterna-kamioiaz eta zaborrontzi, baranda, jesarleku eta antzerakoak berriz, pistolaz eta eskuz. Horretarako, langileak taldeka eta zonaldeka banatu dira, herriko txoko ezberdinetara iritsi ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!