Kale argiteria hobetzeko lanak egingo dira Bidaurreta eta Olakua bitartean eta Parrokia sarreran

2018/02/05
Card image cap
100.000 €ko partida du udalak argiteria hobetzeko inbertsioetarako

  Bidaurretatik San Lorentzorako bidean dauden kontsumo baxuko argi-puntuak berriki aldatu dira, led motako luminariak jarriz. Neurketak egin dira eta argiteriak indarrean dagoen araudia betetzen dela ziurtatu da. Hurrengo pausoan, errepidearen bestaldeko argiteria hobetzea izango da, Bidaurretatik Olakua aldekoa, alegia. Aste honetan abiatu asmo den fase honetan, hainbat argi puntu berri jarri eta luminariak aldatuko dira. Konkretuki, Bidaurretako ostatuko fatxadan bi argi-puntu eta Olakua 1 eraikinaren parean 3 argi-puntu berri jarriko dira. Gainera, 10 luminarien bloke optikoak aldatuko dira.  Bidaurretako Monasteriotik Olakuako urmaelerainoko tartean egingo diren hobekuntza lan hauen aurrekontua 4.700 euro gehi BEZa izango da. Olakuako argiteria hobetzeko lanak osatuz bestalde, urmaeletik Olapotorainoko bidean argiteria hobetzeko azterketa martxan jarri dute udaleko zerbitzu teknikoek.

  Parrokia aurrealdeko argiztapena ere hobetzea erabaki berri du udal gobernu taldeak. Plazako pilotalekua eta azokarako argiteria zehaztu zuen Inergetika enpresari eskatu zitzaion parrokia aurrealdea argiztatzeko azterketa. Proposamena hauxe da: plazan dagoen zutoineko 5 proiektoreak aldatu eta bi parrokiako sarrera argitzeko baliatzea; Foruen enparantza 3 zenbakidun eraikinaren fatxadan proiektore berri bat jarri parrokiako sarrera aldera bideratuz; eta eraikin bereko beheko luminaria klasikoa eta Gaztelekuko beheko 2 luminariak aldetuko dira. Udaltzaingoaren eraikinean dauden proiektoreak ere aldatuko dira, bai  parrokia aldera dagoena baita Santa Ana parke aldera dauden biak ere. Plazatik parrokiarako sarrera ingurua egoki argiztatzea da lan hauen helburua. Aipatu proiektore eta luminaria guzti horien horniketa aurrekontua 7.000 euro gehi BEZa da.

  2018. honetan zehar beste argiteria lan batzuk egitea aurrikusten du udalak. Bakardadeko Ama kaleko  eraberritze lanak probestuz argiztapena hobetuko da eta San Lorentzoko 9. arean ere, irisgarritasun lanak tarteko, argiteria hobetzeko inbertsioak egingo dira. Udalak, urtero, 100.000 €ko partida bideratzen du herriko argiteria hobetzeko inbertsioak egitera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!