Kalapie eta Txirrinka bizikletazaleen elkarteek Gipuzkoan zeharreko bizikleta ibilaldi antolatu dute ekainaren 30etik uztailaren 7ra.

2012/06/27
Gipuzkoan zeharreko bizikleta ibilaldi hau Donostialdeko Kalapiek eta Txirrinkak Oñatiko bizikleta zaleen elkarteak antolatu dute. Etapaka osatuko den ibilaldia, uztailaren 3an Oñatin amaituko da.

   Gipuzkoako bizikleta zaleek antolatu duten ibilaldi honen helburua, bizikleta ohiko garraio bide gisa aldarrikatzea da. Kirolaz haratago, eguneroko joan etorrietarako egokia dela aldarrikatzea. Era berean, errepide seguruen beharra eta gainontzeko gidariekin elkarbizitza ezinbestekoa dela azalduko dute.

  Astebetez luzatuko den ibilaldia zirkularra izango da, ekainaren 30ean Donostian hasi eta uztailaren 7an bertan amaituko dena. Baina tartean, 45-60 kilometro arteko etapak osatuz Gipuzkoako eskualde ezberdinetara iritsiko da. Hala, igandean Zumaian amaituko da eta ondorengo egunetan Arrasate, Oñati, Lazkao, Beasain eta Tolosan. Ibilaldia iristen den herrietako kiroldegi eta eskoletan lo egingo da eta hurrengo egunean bertatik abiatuko da. Baina helmuga diren herri horietan bizikleta martxak eta ekintza osagarriak egingo dira.

  Bizikleta zaleen ibilaldia gaur zortzi, datorren asteartean iritsiko da Oñatira. Herriguneko kaleetan barrena bizikleta martxa egingo da. Gurean geroz eta gehiago diren txirrinduzale horiek martxan parte hartzera bereziki gonbidatu nahi dira. Sorpresak ere izango direla adierazi digute antolatzaileek.

  Bi izango dira bizikleta zaleen ibilaldi honek Debagoienean osatuko dituen etapak, astelehenean, Zumaia eta Arrasate artekoa egingo da, tartean Bergara zeharkatuz eta San Prudentzioko errotondari hainbat buelta eman ondoren. Asteartean berriz, Arrasate-Aramaio-Aretxabaleta-Oñati etapa osatuko da. Uztailaren 4an berriz, ibilaldiak Goierri alderako bidea hartuko du Oñati-Lazkao etapa eginez.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!