Kalakan taldearen kontzertuaz ospatuko du ULMAk 55. urteurrena

2016/09/22
Card image cap
Euskararekin duen konpromisoa ere gizarteratuko du bihar hainbat ekintza burutuz

  ULMAk  55 urte betetzen dituela eta, kontzertu berezia antolatu du bihar gauerako. Kalakan iparraldeko taldearen emanaldia izango da Mikel Goiaingeruaren Parrokian. Kontzertua irekia eta doan izango da herritar guztientzat, muga bakarra, Parrokiak berak duen edukiera. Kontzertua 22.00etan hasiko da baina elizako ateak, ordu erdi lehenago irekiko dira. ULMA Fundazioak, ULMAko Euskara Motibazio Taldearekin batera biharko antolatu duen  egitaraua osatuko du horrela.

  Biharko ekitaldiak Bidegorriak euskararentzat urte osoko egitasmoaren baitan kokatzen dira. Proiektua, hizkuntza ekologiaren diskurtsoan oinarrituta dago. Diskurtso hori zabaltzeko, hainbat ekintza egin ditu ULMAk urtean zehar: diskurtsoren berri emateko dekalogoa zabaldu, hizkuntzei buruzko lehiaketa eta konpromisoak adierazteko Euskararen Muralak eta ULMAko organoetako lanketak, besteak beste. Bihar berriz, ospakizunak, kalera, herrira aterako dituzte, Oñati euskararentzat arnasgunea dela eta, horren alde herritar orok aritu behar duenaren mezua zabalduz. Hala, 16.30tan hasita eta bizikletaz, patinetez, korrika edo oinez, ULMA Architectural Solutions negoziotik plazarainoko bidea  egingo da bidegorria jarraituz. ULMAko langileak, erretiratuak eta herritarrak, orokorrean, gonbidatzen dira. 18:30tan ULMAko Euskararen  Muralen erakustaldia egingo da plazan, eta hemen ere, interesa duten guztiei euskararekiko duten edo hartzen duten konpromisoa muraletan idaztera animatzen dira. 19:00etan, Amaia Txintxurreta DJ emanaldia eskainiko da plazan.

  Eta eguneko ekintzak borobilduaz, Kalakan taldearen kontzertua izango da Mikel Goiaingeruaren Parrokian. Emanaldia 22.00tan hasiko bada ere, elizako ateak, 21.30tan irekiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!