Joxan Artze gogoan! poesia emanaldiak irekiko du Liburutegiaren Egunaren ospakizun egitaraua

2018/10/18
Card image cap
Artzeren olerkigintza errepasatuko da Arantzazuko Goiko Bentan izango den ekitaldian

  Urriaren 24a da Liburutegiaren Nazioarteko Eguna. Azken urteetako ohiturari jarraituz, Bibliotekaren egun hori nabarmendu nahi izan dute liburutegiko arduradunek eta astebeteko ekintza egitaraua antolatu dute. Lehenengo ekitaldia bihar bertan izango da, Joxan Artze gogoan! ikuskizuna.

  Joxan Artze urtarrilaren 12an hil zenetik, Euskal Herrian zehar hainbat omenaldi egin dira olerkaria oroituz. Arantzazu oso gogokoa zuen Artzek, sosegua hartzen baitzuen bertan, bisitari askoren antzera. Tarteka, Goiko Bentan egonaldiak egiten zituzten berak eta emazteak,  ostatuko familiakoekin harreman estua lortu zutelarik. Baita bertako idazle, fraide eta bisitariekin ere. Horregatik, Joxan Artze gogoan! ikuskizuna Arantzazuko Goiko Bentan egitea erabaki dute liburutegiko arduradunek. Bihar 19:00tan hasiko den emankizunaren gidaritza Mixel Ducau musikariak eta Andoni Salamero olerkariak izango dute. Joxan Artzeren olerkiak irakurri eta haren kantak abestuz jardungo dute. Bertaratzen direnei ere parte hartzeko gonbidapena egingo diete, ez bakarrik kantuan baizik eta Joxan Artzeren aipuak dituzten karta-opariak hartu eta irakurtzen, usurbildarrak bere emanalditan sarritan egiten zuena errepikatuz. Testigantza liburuxka bat ere jarriko da entzuleen eskura, nahi dena idatzi eta Artzeren alargunari helarazteko. Amaieran, eta Goiko Bentakoen eskutik, zerbait edateko aukera eskainiko da.

  Baina Liburutegiaren Eguna urriaren 24a izango da, esan bezala, eta egun horretan  ipuin japoniarrak entzun ahal izango dira liburutegian. Bartzelonan bizi den Yoshi Hioki ipuin kontalari japoniarrak, Cuentos de Japon saioa eskainiko du kontaketa teknika ezberdinak erabiliz, 19:00tan hasita.

  Haurrek ere izango dute tarterik Bibliotekaren Egunaren baitan. 4 urteko haurrek liburutegira bisitak egingo dituzte Aurorita Beti Politak gidatuta. Asteartetik ostegunera, goizez eta eskola orduetan egingo dira bisita horiek. Urriaren 25ean berriz, Retro ipuinak kontaketa saioa egingo du Miren Larreak haur txikiei eta beren familiei zuzenduta. 18:00tan hasiko den ipuin kontaketa saio honetarako gonbidapenak liburutegian eskuragarri daude jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!