Jostailuen truke azoka antolatu du Txaloka ludotekak

2018/11/27
Card image cap
Abenduaren 15ean egingo da eta trukerako jostailuak datozen bi asteetan jasoko dira ludotekan bertan

  Egitasmoa ez da berria gurean 2015ean egin zen lehen aldiz, eta geroztik, urtero errepikatu da. Herriko haurrak barneratzen ari diren ekimena da gainera. Jostailuen truke azoka antolatzeak hainbat helburu ditu: jostailuen  berrerabilera sustatu, kontsumismoa murriztu, elkartasuna eta lankidetza bultzatu eta jostailuei bigarren aukera bat ematea.

  Jostailu azoka gauzatu ahal izateko, lehenik, trukatu nahi diren jostailuak batuko dira eta ondoren, guztiak ikusgai eta trukegai jarriko dira. Trukerako jostailuak Txaloka ludotekan batuko dira. Horretarako hiru egun zehartu dira, abenduaren 4a, 11a eta 13a. Jostailua ludotekara daraman haur bakoitzak txartel bat jasoko du. Eta azoka egunean, abenduaren 15ean, txartela jostailu batengatik aldatuko du. Jostailuak, esan bezala, datozen bi astetan bilduko dira ludotekan, 16:45etatik 19:45etara.

  Trukatzeko eramango diren jostailuek, oinarrizko baldintza batzuk bete beharko dituzte: Egoera onean eta osorik egon behar dira; jostailu txikiak, kanikak edo kotxekoak direla, multzoka trukatuko dira eta sexu bereizketa edo indarkeriaren aldeko jarrerak erakusten dituztenak ez dira trukatuko, pistolak adibidez. Haur bakoitzak izango duen txartel kopurua mugatu egingo da, jostailuz kargatuta itzuli ez dadin. Haur bakoitzak gehienez 3 txartel jasoko ditu nahiz eta jostailu gehiago eraman ditzakeen.

  Jostailu azoka abenduaren 15ean egingo da, goizeko 11:00etik 13:00era ludotekan bertan.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!